Hainbat militanterekin egon eta EH Bilduren prozesu eratzaileaz adierazpenak egin dituzte Aitziber Ibaibarriagak eta Diana Urreak. Gogora ekarri dutenez, prozesu eratzaile hori “fase erabakigarrian” artzen da orain, azken asteetan prozesuaren edukiak berak herririk herri eta auzorik auzo zabaltzen ibili ondoren. Izan ere, bihartik aurrera barne karguetara (Mahai Politikoa, herrialdeetako arduradun politikoak eta arloetako idazkaritzak) aukeratzeko modua izango dute EH Bilduren oinarriek. Ekainaren 17an Bilboko Euskaldunan egingo den lehen kongresuan, berriz, Eztabaidarako Dokumentua eta Estatutuak bozkatuko dira.

“ EH Bildu osatzen dugun guztiok kontziente gara herri honentzat ezinbestekoa den tresna politikoa daukagula esku artean, eta hori herri hau osatzen duten emakume eta gizonen beharretara eta nahietara egokitu beharra daukagula. Horretarako jarri genuen abian prozesu eratzaile hau. Behin fase determinantean sartuta, EH Bildu osatzen dugun guztiok ulertu behar dugu hitza eta erabakiak hartuta bakarrik lortuko dugula EH Bildu indartzea eta herri honek behar eta merezi duen tresna eraginkorra bilakatzea”, adierazi du Ibaibarriagak.

-“Jakitun gara hau prozesu eratzailea dela eta, izenak dioen bezala, abiapuntua baino ez dela hau guzti hau”, azpimarratu du. “Azken 6 urteotako ibilbidean oinarriak dituen ibilbide berri bat hastera goaz. Duela 6 urteko ilusio berarekin ekiten diogu ibilbide honi, herritarren egiazko beharrak erantzutera datorren eta herri hau beste eszenario batera eraman nahi duen alternatiba eta tresna politikoa guztion artean eraikitzeko aukera ematen duelako”.

“Goazen bada, EH Bildu indartzera. Goazen bada, herri honek nahi eta behar duen alternatiba politikoa guztion artean eraikitzera. Goazen ezkerreko subiranista guztien etxea guztion artean eraikitzera”, agertu du.

Horrenbestez, bihartik aurrera kongresua.ehbildu.eus aplikazioan egingo den bozketan parte hartzeko eta ekainaren 17an Bilboko Euskaldunan egingo dugun EH Bilduren Lehen Kongresuan izena emateko deia egiten die EH Bilduren proiektuarekin bat egiten duten herritar guztiei.