EH Bilduren idazkaritzetara aurkeztutako hainbat pertsona Euskalduna jauregiaren aurrean elkartu dira, gaur arratsaldean; hau da, etzi EH Bilduren kongresu eratzailea egingo den leku berean. Jasone Agirre legebiltzarkideak eta Diaspora idazkaritzarako hautagaiak azaldu du azken asteetan EH Bilduren prozesu eratzailea azaltzen aritu direla herririk herri eta, aste honetan, Mahai Politkorako, Herrialdeetako Arduradun Politiko izateko eta idazkaritzetarako aurkeztutako hautagaitzak bozkatzen ari direla bozkatzen modu telematikoan.

“Hemendik, Euskaldunaren ataritik,botoa emateko deia egiten dizuegu”, esan du Agirrek. Ostirala arteko epea dago hori egiteko. “EH Bildu indartzeko eta herri honek nahi eta merezi duen tresna eraginkorra bihurtzeko unea da. Eta zeregin hori guztioi dagokigu, hitza hartuz eta parte hartuz. Guztion artean lortuko dugu herritarren egiazko beharrak zainduko dituen eta herri hau beste eszenatoki batera eramango duen alternatiba politikoa eraikitzea”, azpimarratu du.

Larunbatean, berriz, EH Bilduren kongresu eratzailea egingo da Euskaldunan. Azken asteetan eztabaidagai izan diren Dokumentu Politikoa eta Estatutuak bozkatuko dira. Goizeko 10:00etan elkartuko dira EH Bilduko ordezkariak, eta dokumentu politikoak onartzeaz gainera, zuzendaritza politiko berria jendaurrean aurkeztuko da. Bidelagun izango ditu EH Bilduk, gainera, Euskal Herriko eta nazioarteko eragile politiko eta sozialak.

Jasone Agirreren hitzetan, “mugarria” izango da larunbateko kongresua EH Bilduren ibilbidean. “Puntu eta jarraia izango da. Duela sei urte herri honetako milaka eta milaka herritarrek abiatutako bidean jarraipena da egiten ari garen prozesu eratzailea, baina bide berri baten abiapuntua ere bada. Orduko ilusio berarekin ari gara lanean, jakin baitakigu EH Bildu herri honek nahi eta merezi duen tresna izatea lortuko dugula guztion artean”, agertu du.