Miren Larrionek salatu du EHUren finantziazio publikoa etengabe murriztu dela azken urteotan eta agindutakoa ez betetzea leporatu dio Gobernuari.

EH Bilduk hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta EHU-Euskal Herriko Unibertsitatearen finantziazioa hobetzeko eskatu dio gaur Legebiltzarrean Hezkuntza sailburuari, Jaurlaritzak EHUrekin hartutako konpromiso ekonomikoak ez betetzearen ondorioz, murrizketak koiunturalak izatetik egiturazkoak izatera pasatzen ari direlako, Miren Larrionek salatu duenez.

Legebiltzarkideak gogorarazi du EHUk ekoizten duela herri honetan ezagutzaren %75a, eta gogor kritikatu du Jaurlaritza arlo horretan egiten ari den lana, urteak daramatzalako EHUren finantziazioa murrizten. Azaldu duenez, Unibertsitate Publikoak aurten duen aurrekontua 2010ekoa baino %15 baxuagoa da, besteak beste, Urkulluren Gobernuak egiten dion ekarpen ekonomikoak ez duelako Unibertsitate Planean jasotakoa betetzen (%3,44 txikiagoa da). Zehazki, BPGren %0,42koa baino ez da, nahiz eta EAJk eta PSEk sinatutako gobernu akordioaren arabera %1,5ekoa izan beharko lukeen. Horren emaitza larria bezain bistakoa da: Bilboko Medikuntza Fakultate berria proiektua baino ez da oraindik, azpiegituren egoera gero eta okerragoa da eta baliabide ekonomikoak eskasegiak dira plantilla kontsolidatzeko eta ikerkuntza arloak behar duen bultzada emateko.

Miren Larrionen esanetan, “larria da atzo bertan EHUren Gobernu Kontseiluak 2017ko aurrekontuak onartzea eta errektoreak berak Jaurlaritzari diru gehiago eskatu behar izatea Jaurlaritzak ez dituelako bi aldeen artean sinatutako akordioak betetzen; oso kezkagarria da Unibertsitateak berak esatea ezin duela euskal gizartean behar eta eskatzen duen zerbitzua eman eta ezin duela modu egokian lehiatu gero eta zorrotzagoa den arlo unibertsitarioan”.