Otegik bilera egin zuen atzo Montevideon Javier Miranda Fronte Zabaleko presidentearekin eta berau osatzen duten indar politikoetako nazioarteko gaietarako arduradunekin. Besteak beste, EH Bildu eta Fronte Zabalaren arteko harremanez jardun zuten bilera horretan.
CARIFAko arduradunek (Fronte Zabalaren nazioarteko taldea) EH Bilduko koordinatzaile nagusi aukeratu izana txalotu eta zorionak eman dizkiote Arnaldo Otegiri. Buruzagi subiranistak, bere aldetik, Euskal Herriko ezker subiranismoan irekitako eztabaida prozesua azaldu die buruzagi uruguaydarrei.
Arnaldo Otegiren arabera, “bere ezaugarri bereziak direla eta, Uruguayko Fronte Zabala EH Bilduren erreferenteetako bat da”. Nabarmendu duenez, “komunismotik, sozialdemokraziatik eta asanblearismotik kristau demokraziara doan esparru ideologikoko hainbat alderdik osatzen duten mugimendu politikoa da Fronte Zabala, eta aldi berean, alderdietan afiliaziorik ez duten militante propioak dituena”. Ildo horretan, egunero-egunero adostasunak lortzeko Fronte Zabala osatzen duten indar politiko eta independienteek egiten duten ahalegina goraipatu du buruzagi subiranistak. “Pluraltasuna euren izaeraren ezaugarrietako bat da, EH Bildurena bezala. Mantendu behar dugun altxorra da hori”, esan du.
Otegik bi mugimendu politikoen arteko harremana indartzeko EH Bilduren nahia adierazi die Fronte Zabaleko arduradunei.
Topaketa Montevideoko Euskal Etxea
Otegi Montevideoko Euskal Etxeko kideekin bildu zen gauez. Euskal ErriaK 105 urte betetzen ditu aurten eta munduko euskal etxerik zaharrenetako bat da. “Oso topaketa hunkigarria izan da. Azken hamarkadetako errapaso historikoa egin dugu”, esan du EH Bilduko kooordinatzaile nagusiak.
Agenda betea
Arnaldo Otegi Uruguayen dago egun hauetan Movimiento de Participacion Popularraren X. kongresuan parte hartzen. Indar politiko hau Fronte Zabala osatzen duenetako bat da eta mundu mailako bere militante ezagunena Pepe Mugica Uruguayko presidenteordea da.
Gaur Javier Miranda, Fronte Zabaleko presidentearekin bilduko da Arnaldo Otegi eta ondoren mundo mailan ezkerrak egin dezakeen borrokari buruz jardungo duen nazioarteko foroan hartuko du parte. Bertan parte hartuko dutenen artean daude Gabriela Rivadeneira, Ecuadorgo Asanblea Nazionaleko diputatua, David Cochehuanca, Boliviako kantziller ohia eta egun ALBAko idazkari politikoa dena eta Vanessa Aguiar, Brasilgo MST mugimenduko zuzendaritzako kidea.