EH Bilduko koordinatzaile nagusiak batasunetik, mundo mailan jardutera deitu zituen atzo Montevideon ezkerreko alderdi eta mugimenduak. “Mundo mailako arazoei batasunetik eta adostasunetik egin behar diegu aurre eta beraz, mundu mailako foroak eraiki behar ditugu”, esan zuen buzuragi subiranistak.
Bere ustez, ezkerrak bakearen eta desarme militar eta nuklearraren banderak berreskuratu behar ditu. Montevideoko udaletxean eskainitako konferentzian esan zuenez, izakion bizitza posible egiten duten baldintza materialei eragiten dien bi arazo nagusi ditugu: “aldaketa klimatikoa eta balizko gerra nuklearra”. “Bi bandera horiek ezinbestekoak dira”, esan zuen.
Otegiren arabera, kapitalismoak bi ideia nagusirekin funtzionatzen du: “jendearen beldurrarekin eta gezurrarekin”, eta gehitu zuzenez, “beraiek ziurgabetasunez eta beldurrez beteriko mundua eraiki dute: enplegua galtzeko beldurra, balizko gerrei beldurra… eta mugagabeko baliabideak ustiatuz hazten jarraitu daitekeenaren gezurra”. Are gehiago, Otegik salatu zuenez, kapitalismoak “ezkerreko mugimendu eta liderren izenak zikintzeko beharra dauka”. “Denak berdinak garenaren ideia zabaldu dute”, esan zuen.
Jendearekin batera eraikitako alternatiba
Horregatik guztiagatik, ezkerrak jendearekin batera eraiki behar du alternatiba, Otegiren arabera. Bere ustez, jendearekin behetik egiten diren erreforma guztiak “iraultzaileak” dira. “Jendearekin egiten diren aldaketak ez daude aritmetika parlamentarioaren menpe, hau da, eskuinak boterea lortuko balu askoz ere zailago luke aldaketa horiek indargabetzea”, esan zuen.
Jendea babesteko estatua
Otegik adierazi zuenez EH Bilduk euskal herritarrak “babestuko” dituen estatua eraikitzea du helburu.
EH Bilduko kooordinatzaile nagusiak laguntza eta elkarlana eskaini zien Latin Amerikako ezkerreko alderdi eta mugimenduei eta Atlantiar ozeanoaren bi aldeetako mugimendu politikoen arteko harremana estutzearen beharra nabarmendu zuen.
Uruguayko Movimiento de Participacion Popular mugimenduaren X. kongresuaren atarian, Otegik nazioarteko foro batean parte hartu zuen atzo Montevideon. Bertan izan ziren ere bai David Choquehuanga Boliviako kantziller ohia eta ALBAren egungo idazkari Nagusia, Gabriela Rivadeneira Ekuadorgo Parlamentuko presidente ohia eta boterean dagoen Alianza País koalizioko egungo buruzagi nagusia eta Vanessa Aguiar Brasilgo MST mugimenduko zuzendaritzako kidea.