Ordezkapen bidezko ernalketa arautzearen alde eta emakumeen eta umeen eskubideak babestearen alde eta alokairuzko umetokien aurka azaldu dira Oihana Etxebarrieta legebiltzarkidea eta Ainhoa Beola EH Bilduko Programa zuzendaria, gaur goizean, Bilbon, egindako agerraldian. “Emakumeen eta umeen eskubideak babestearen eta borondateak arautzearen alde egiten dugu EH Bildutik. Nolanahi ere, gaiaren inguruko eztabaida ireki behar da mugimendu feminista, LGTBI, erakunde eta herritarren artean”.

Azaldu dutenez, azken bi urteetan gaiaren inguruko eztabaida sakona egin da EH Bildun. “Bi aukera ditugu: gaiari eutsi ez eta arautzearen kontra egin, emakumeen eta sortuko diren umeen eskubideak babestu gabe. Edo arautzearen alde egin, emakumeen eskubideak indarrean dauden merkatuen zein interes ekonomikoen gainetik babestuz eta, beraz, geuk ezarriz joko arauak”.

Azpimarratu dutenez, EH Bilduk ez du babesten emakumeen umetokien alokairua eta bai ordezkapen bidezko ernalketa arautzea. Era horretara, Beolak eta Etxebarrietak nabarmendu dute bereiztu beharra dagoela eskubideen eta borondateen artean. “Ernalketarekin aurrera egin ala ez egin eta norbere gorputzaren gaineko erabakia hartu ahal izatea eskubidea den moduan, guraso izatea borondatea da”.

Zentzu horretan, ordezkapen bidezko ernalketa doakoa eta sistema publikotik egitea proposatzen du EH Bilduk. Beraz, enpresa bitartekorik, publizitaterik eta ordainketarik ez izatea. Horrez gain, EH Bilduk beste baldintza hauek ere jartzen ditu, ordezkapen bidezko ernalketa arautzeko: umetokia uzten duen emakumea eta umea izan nahi dutenak estatu berean bizitzea; umetokiaren jabe den emakumearen eskubidea eta osasuna lehenestea; indarrean dagoen adopzio sistema zaharkitua errebisatzea; obuluen merkaturatzeko sistema zaharkitua errebisatzea, harrera familien eredua hedatzea; behin prozesua hasitakoan, emakumeek erabaki ahal izango du bere gorputzaren gaineko oro, hasitako prozesua etetea ere bai.