Jon Iñarrituren arabera, Mariano Rajoyk Audientzia nazionalean egin duen agerraldia “adarjotze handi bat izan da”. Are gehiago, bere jarrera “harroputzarekin” Rajoyk “herritarrei errespetu eza adierazi diela” uste du EH Bilduko senatariak. “Gizon horrek ez du boterean minutu bat gehiago ere jarraitzea merezi”, esan du.

Bere hitzetan, gobernuburuak Audientzia Nazionalean deklaratu izanak “Espainiako estatuko politikagintza zenbaiteraino usteldua dagoen adierazten du”. Iñarrituk adierazi duenez, “Estatu hau demokratikoa balitz alderdi politiko nagusia ez litzateke ustelkeria sare handi batean nahastua egongo”.

EH Bilduko senatariak esan duenez, EH Bilduk bat egiten du Rajoyk azalpenak eman ditzan Kongresuan osoko bilkura berezia egiteko alderdi batzuek egin duten proposamenarekin.