EZTABAIDARAKO DOKUMENTUA IRAKURRI HEMEN

Kokapena

Gaiaren inguruko eztabaidaren beharra gure ingurutik sortu zen duela bi urte pasa, erakundeetan errekerituak izaten ari baikinen, bai eta gure inguru hurbilean ere. Eztabaida pil-pilean egon ez arren, eskaera zehatza egin ziguten EH Bildukoei: amatasun subrogatuaren alde edo kontra zaudete?

Eta eztabaidari ekin genion, ahalik eta ikuspegi desberdin gehien eskuratu asmoz, jakinda, oso jarrera kontrajarrietatik abiatzen ginela. Informazioa iturri anitzetatik hartu ditugu: egile feministek idatzitako artikuluak eta baita lan akademikoak, gure artean eztabaidatu dugu eta feminismoaren, lgtbi mugimenduaren, ehbildukideen, abokatuen edo unibertsitateko adituen iritziak jaso ditugu,…

Ez da erraza izan, baina eraikuntza prozesuaren emaitza oso aberasgarria izan da, bestearen lekuan jartzeko ariketari eutsi behar izan baitiogu maiz, norberak zekarren norabide bakarreko jarreretatik aldenduz.

Finean, akordioei eusteko, bi eskubide eta desio bat i erantzuteko saiakera egin dugu: emakumearen eskubidea, sortuko den umearen eskubidea, eta guraso izan nahi dutenaren desioa. Euskal Herria Bilduren jarrera eraikitzeko, hiru hauen uztarketa eman dugu, jakitun, eskubideak ezin direla desioekin parekatu, eta desioak eraikuntza sozialak diren moduan, eskubideak bermatu beharreko irizpideak direla.

Gauzak horrela, bi aukera genituen hasiera berean:

  • Ez arautzea erabaki eta inolako jarrerarik hartu gabe geratu beraz, honek ere jarrera hartze inplizitua lekarkeen arren, egiten utziko litzatekeelako, jakitun egiten jarraituko dela alegia, kontrolik gabeko baldintzarik gabe eta maiz asko emakumearen eta sortuko den umearen oinarrizko eskubideak urratuz, enpresa bitartekariak hutsune legal honetaz elikatzen jarraitzen diren bitartean.

  • Edo arautzea erabaki, emakumeen eskubideak indarrean dauden merkatuen zein interes ekonomikoen gainetik babestuz, eta beraz geuk ezarriz joko arauak.

Bigarrenari eutsi diogu, eztabaidarako dokumentua sortuz eta partekatuz.

Lanerako erabili dugun metodologia

  • 2015 urte hasieran ekin genion gaiaren kokapenari, ezinbestean zabaldu behar zela ikusi genuen EHBilduko talde feministaren bitartez. Jarrera kontrajarriak hain ziren ugariak eta bazterrekoak, gatazken erresoluziorako metodologietatik ekin geniola gaia lantzeari.

  • Jarrera kontrajarriak identifikatu ondoren, haien inguruko eztabaida ideologikoa eraiki

genuen. Hurrengo ariketa izan zen adostasunak non egon zitezkeen identifikatzeko ariketari

eustea, eta hemen ere, eztabaida ideologikoa eraikitzen joatearena.

  • Hurrengo urratsean, korapiloak identifikatuta, hauek abokatu, EHUko ikerlari eta adituekin lantzen jarraitu genuen. Eta orduan eutsi genion EHBildu osatzen dugun geruza desberdinetara eztabaida zabaltzeari:

  • hautetsien sarearen eta Komunitatearen bidez berdintasun gaiak interesekoak dituztela jakinarazi izan duten emakume zein gizonak, lurralde desberdinetan garatu diren hiru mintegi irekietara deitu ditugu.

  • Eztabaidarako sortzen ari zen dokumentua, goian aipatutako guztiei, eta noizpait gaiaren inguruan galdetu izan diguten pertsonei helarazi diegu.

  • Sarean, Komunitatean, gaiarekin interesatuak zeudenei, eta mugimendu feminista osatzen duten elkarteei, lau lurraldeetan burutu diren beste launa mintegi irekitarako deialdia egin diegu.

  • Goian aipatutako guztiak eta bereziki Nafarroako pertsona zein elkarte feministekin ere, mintegi berezia egin dugu.

  • Denbora honetan guztian, bistan denez, Gasteiz zein Nafarroako legebiltzarkideekin, eta Madrileko gure kideekin, aritu gara kontrasteak egin eta informazioa elkar trukatzen.

  • Eztabaida geruza berrietara zabaltzen genuenean ordea, bertan ematen zen eztabaida ezin genuela hutsetik hasi ohartu ginen, aurreko lanketa kolektibotik abiatuak baikinen; horregatik, aldekotasun eta kontrakotasunetatik aritu gara osatzen proposamenaren eraikuntza intersekzionala, prozesuan sortzen ziren matizak eta erpin berriak, lanketa kolektibotik eraikitako proposamenera erantsiz joan garelarik.

Proposamenaren funtsa

Erantsitako dokumentuan duzue, osorik irakurtzeko dokumentua da, eztabaida prozesuan ateratako gakoak jasotzen baititu.

Hurrengo urratsak

  • Eztabaidarako dokumentua EHBilduren web gunean zintzilikatu da, ekarpenak egin ahal izateko gaur hasi eta irailak 15era bitarte. Bertan jasotzen diren ekarpenak aztertu eta hauen gaineko proposamena, Programa taldetik kudeatuko da.

  • Madrileko Kongresuan Ciudadanosek aurkeztutako lege proposamenaren aurreko jarrera hartzea landu, urrian zehar aurreikus baitaiteke eztabaida. Dagoen moduan, osotarako emendakina aurkeztu eta kontrako bozka ematea egokituko zaigu.

  • Mugimendu feministarekin eta lgtbi mugimenduarekin lanketa egiten jarraitu, hainbat mahai ingurura deitu baikaituzte.