Burujabetzaren alde ELAk eta LABek gaur aurkeztu duten adierazpen bateratua urrats garrantzitsua dela uste du EH Bilduk. Milaka eta milaka langile ordezkatzen dituzten herri honetako bi indar sindikal nagusiek burujabetzaren alde adierazpen bateratu bat kaleratu izanak agerian uzten du gure gizartean badela erabakiak gure aldetik hartzeko eta etorkizun hobea eraikitzen joateko grina eta beharra.
Espainiako estatuarekiko harremana berdintasunean oinarritu behar da. Herri honek burujabetza nahi eta behar du. Herri honek bere erabakiak hartu behar ditu eta hartu nahi ditu. Baina horretarako, ezinbestekoa da ezberdinen arteko elkarlana eta guztien artean bidea marrazten joatea. Zentzu horretan, EH Bilduk txalotu egiten du ELAk eta LABek gaur aurkeztutako ekimen bateratua, eta etorkizun laburrean bide horretan sakontzeko itxaropena agertzen du.