EH Bilduko 50 alkate baino gehiagok agerraldia egin dute, inputatuak izan diren Kataluniako alkateei elkartasuna eta babesa agertzeko.

Hemen agerraldiaren bideoa

Hemen irakurritako agiria:

• Urriaren 1ean egingo duten erreferenduma galarazteko Espainiako Gobernuak daukan jokabidearen barruan modu demokratikoan aukeratuak izan diren Kataluniako alkateak deklaratzera deitu izana urrats esanguratsua da. Hedabideeak mehatxatu dituzte, funtzionariak ere bai, eta orain udal karguak jarri dituzte jomugan.

• Lehenengo eta behin, gure babes eta elkartasuna agertu nahi diegu Fiskaltzak deklaratzera deitutako alkateei. Demokrazia praktikan jartzea ahalbidetu nahi duten alkateak inputatzea ez da onargarria. Herritarrek Kataluniaren etorkizuna erabaki ahal izateko eta beren iritzia eman ahal izateko hautes-ontziak jartzea errazteagatik alkateak inputatzea onartezina da.

• Herritarrek beren botoa eman ahal izatea ahalbidetzeagatik 700 alkate baino gehiago juridikoki jazartzea erabat salagarria iruditzen zaigu.

• Beste behin, Espainiako Estatua ez da gai modu demokratikoan aritzeko. Inposizioan eta itxikerian oinarritutako bere historiari eusten dio estatuak. Espainiako estatuak berriro ere erakutsi du erantzun demokratikoa emateko bere ezintasuna.

• Egoera honen aurrean, guk geuk ere ahalbidetuko eta lagunduko genuke herritarrek prozesu demokratiko baten bidez beren autodeterminazio eskubidea praktikan jarri ahal izatea. Horregatik, beren jarrera demokratiko eta ausartagatik jazarriak izaten ari diren alkateen ondoan gaude.

• Gure erantzukizun demokratikoari ezin diogu bizkarra erakutsi une honetan. Argi eta garbi diogu, 700 alkate horiek gure babesa eta elkartasuna dute. Eta Espainiako estatuari esan nahi diogu Kataluniako gizarteak bere etorkizuna modu askean erabakitzeko eskubide osoa daukala.