Gaur goizean Donostian batzartu den EH Bilduren Mahai Politikoak Kataluniako egoerak eta larunbatean Gure Esku Dagok antolatutako manifestazioak baldintzatutako egoera politikoaren analisia egin du. Bertan erabaki du bilera erronda bat abian jartzea eragile politiko, sozial eta sindikalekin, guztion artean Kataluniako herriari babesa nola adierazi erabakitzeko eta Euskal Herrian ere bide propioa egitea nola artikulatu hausnartzeko.

Larunbat honetan, beste behin ere, Gure Esku Dagok antolatutako manifestazioan agerian geratu zen gure herrian badela gehiengo soziala Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea daukala eta hori egikaritu behar dela sinesten duena. Milaka herritarrek erantzun zioten Gure Esku Dagok egindako deialdiari, Bilboko kaleak erabakitzeko eskubidearen, demokraziaren eta Kataluniako herriari agertutako babesaren erakusleiho bihurtuz.

Kataluniako 'process'-ak aurrera egin ahala Espainiako estatutik etorri den erantzunak agerian utzi du, aldi berean, Europan homologatutako demokrazia bat izatetik oso urruti dagoela Espainia. Mehatxuak, agintari politikoen jazarpena, hitzaldiak debekatzea, kartelak konfiskatzea... Astakeria juridikoak eta jarrera antidemokratiko lazgarriak ikusten ari gara Kataluniarekin. Eta hori guztia egiten ari da Espainiako estatua Kataluniako herritarrek botoa ematea galarazteko, beren etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabakitzeko aukerarik izan ez dezaten.

Espainiako estatuaren izaera antidemokratikoa ikusita eta kontuan izanda herri honetan badela gehiengo soziala erabakitzeko eskubidearen alde, EH Bilduk bilera erronda abiatuko du gure herriko eragile politiko, sozial eta sindikalekin. Bi helburu nagusi izango dituzte bilera horiek:

- Herri gisa zein herritar gisa duten erabakitzeko eskubidea gauzatzear den Kataluniako herriari Euskal Herritik babesa eta elkartasuna nola adierazi erabakitzea. Are eta gehiago kontuan hartzen bada Espainiako estatuaren aldetik eraso antidemokratiko bortitza pairatzen ari direla. EH Bilduk argi dauka Euskal Herriak asko daukala jokoan Katalunian, eta horregatik defendatu eta babestu behar dela Katalunia une historiko honetan. Katalunia defendatzea Euskal Herria defendatzea da, demokrazia eta eskubide zibil eta politikoak defendatzea da.

- Euskal Herrian bada gehiengo sozial bat herri honek eta euskal herritarrek beren etorkizun politiko eta soziala erabakitzeko eskubidea eta beharra daukala uste duena. Espainia ez da estatu demokratiko bat, ez ditu herritarren eskubide zibil eta politikoak bermatzen. Eta, gainera, frogatua dago herri honetan gure erabaki propioak hartzen ditugunean, gauzak hobeto egiten direla, gure errealitate ekonomikoari eta sozialari ondoen egokitzen zaizkion erabakiak hartzen ditugula. Espainiako estatua harlauza pisutsuegia da, Euskal Herriari aurrera egitea eta etorkizun hobea eraikitzea galarazten diona. Gure herrian ere gure bide propioa nola egin hausnartzen joateko, beharrezkoa ikusten dugu erabakitzeko eskubidea babesten duten eragile politiko, sozial eta sindikalekin harreman iraunkor bat abian jartzea.

Hurrengo egunetan, bilera erronda honekin agenda prestatuko du EH Bilduk eta euskal herritarrei jakinaraziko die.