Josu Juaristi eurodiputatua, Jasone Agirre legebiltzarkidea eta Izaskun Duque Portugaleteko zinegotzia Bilboko Portu Agintaritzarekin batzartu dira, gaur goizean. Pertsona errefuxiatuak Bilbo eta Porsmouth lotzen dituen ferryra ez heltzeko asmoarekin eraiki nahi den hesiaren inguruko bere kezka azaldu diote EH Bilduko ordezkariek Asier Atutxa Bilboko Portu Agintaritzako presidenteari.

Era horretara, pertsona guztien giza eskubideak bermatzeko deia egin diote, eta enpresen interesak pertsonen eskubideen gainetik ez jartzeko. Zentzu horretan, pertsona errefuxiatuak gerretatik eta miseriatik ihesi doazen pertsonak direla gogoratu diote.

EH Bilduri oso larria iruditzen zaio Euskal Herrian ere pertsona errefuxiatuen bidea eten nahi duten hesiak eraikitzea, eta azpimarragarria iruditzen zaio instituzioetatik ez dela neurri eraginkorrik hartzen pertsona horien bizi baldintza duinak bermatzeko. Era horretara, ordezkaritza duen instituzio guztietan ekimenak aurkeztu ditu EH Bilduk, Bilboko Portuan egin nahi den hesia ez eraikitzea eskatzeko eta pertsona guztien eskubide guztiak bermatzea exijitzeko.