Gaur goizean Ermuan Unai Rementeria eta Markel Olano, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ahaldun nagusiek bi gobernuek adostu duten AP8 eta AP1 autopistako erabiltzaileentzat lurraldeen arteko gastuaren muga iragarri dute. Horren ildotik EH Bilduk jakinarazi nahi du akordio hauek ez liratekeela aldebikoak izan behar eta EAEko pertsona guztiak kontutan hartu beharko lituzketela. Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko gastuaren mugaren iragarpena EH Bilduk pasa den martxoan hiru Batzar Nagusietan eskatutakoaren ildotik doa. Hartan murriztutako bidesari bateratua Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordainpeko errepide sare osora zabaltzeko proposamena erregistratu zuen EH Bilduk. Horrez gain Nafarroa eta Ipar Euskal Herriarekin helburu bera lortzeko lanean aritzea eskatu zen.

Aurreko legealdian, EH Bilduren Gipuzkoako Foru Aldundia izan zen murriztutako bidesarien sistema herrialdeko ordainpeko errepideetan ezartzen aitzindaria. Gainera, sistema honek euskal herritarrentzat zituen abantailak ikusita, murriztutako sistema bateratzeko deia egin zien Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiei. Horrez gain Araba, Bizkaia eta Nafarroarekin errepideen koordinazio mahaia eratzea proposatu zen Hego Euskal Herri osorako bidesari eta deskontu amankomunak planteatzeko. Horreri EAJk erantzun zion defendatzen zuten modeloak jada lurraldeen arteko oreka bermatzen zuela.

Orduan babestu nahi izan ez zena, legealdi honetan gauzatzen hasi da.EH Bildutik gure poztasuna agertu nahi dugu behingoz EAJk zuzentzen dituzten aldundiek gizartearen eskariei erantzuna ematen dietelako eta gure herrialdeko ordainpeko errepideak erabiltzen dituztenentzat onura nabariak ekarriko dizkietelako. Baina halere ez da batere serioa Gipuzkoa eta Bizkaiaren artean gaur egin duten iragarpena aurretik debaterik egon gabe eta lurralde horietako Batzar Nagusietan informaziorik eman gabe. Horrez gain iragarpena EAJrentzat ohikoa den bidetik, komunikabideen bitartez egin da eragileen aldez aurretiko parte hartzea bermatu gabe.

EH Bildutik berretsi nahi dugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errepide guztien titulartasuna eskatzen jarraituko dugula, espainiar estatuaren eskuetatik euskal erakundeen eskuduntza izatera pasa daitezen.