Joan den ekaineko Kongresuan aukeratuak izan zirenetik, gaur lehen aldiz elkartu dira EH Bilduko idazkari guztiak. Hurrengo hilabeteetan eta urteetan EH Bilduk egingo dituen politika sektorialak zehazten hastea izan da gaurko bilkuraren helburua.

Urriaren 7an egin genuen Konferentzia Politikoan aurkeztu genuen bezala, EH Bilduk Euskal Errepublika eratzearen alde egiten du. Errepublika horrek herritarren gehiengoaren beharrei erantzungo dien gizarte ongizate sistema sortzeko helburua izango du. Horrenbestez, errepublika sozial eta demokratikoa eraikitzea aldarrikatzen dugu, bertan bizi direnak zaintzeko gai izango dena.

Gaurtik hasita, errepublika horren oinarriak izango diren proiektuak lantzen hasiko dira 20 idazkaritzak. Gaur egungo markuetatik egingarriak eta errealistak izango diren proposamen zehatzak eginez joango dira idazkaritzak helburu horiek gauzatzen eta, jakina, herritarren bizitza kalitatea hobetzea eta herri eta gizarte bezala nahi dugun etorkizun duina eraikitzea izango dute helburu.

Era berean, EH Bilduk iragarri nahi du Euskal Errepublikaren oinarriak izango diren oinarrizko tresnak eta egiturak definitzeko prozesua jartzen duela abian. Gure eredu sozialaren oinarriak izango diren tresnen izaera zehazteko lan mardulari ekin dio.

Gizarte segurtasuneko sistema publikoaz ari gara. Arreta berezia jarriko diogu pentsioen sistemari, finantza sistema propioari, gizarte babesari, lan harremanen esparru propioari, administrazio publikoari eta etorkizuneko osasun eta hezkuntza sistemei. Horiek guztiak sakon aztertu behar ditugu, praktikan jarri behar izango direnean prestatuak egoteko.