EH Bilduren Mahai Politikoaren Adierazpena Euskal Herriko iritzi publikoari:

Azken hilabete eta asteetan izaten ari diren gertaera larrien aurrean, hala nola, 155. Artikulua martxan jartzea eta Kataluniako autonomi
a bertan behera uztea, EH Bilduren Mahai Politikoak honako hausnarketak gizarteratu nahi ditu:

a) Azken hilabeetan ohartarazten ari garen bezala, salbuespeneko egoera baten bizi gara, Espainiako estatuko sektorerik atzerakoienak 78ko Erregimena salbatzeko egiten ari diren ahaleginen ondorioz. Gure ikuspuntutik, Felipe VI.ak egindako hitzaldiak helburu argia zeukan: Bloke politiko, enpresarial, sozial eta mediatiko bat disziplina zorrotz baten mendean jartzea, eta kontraerreforma bati bidea irekitzeaz gainera, babes garbia adieraztea. Horrenbestez, autoritarismoa, eta askatasunen eta gure izaera nazionalaren murrizketa garbi baten aurrean gaude.

b) 78ko erregimena de facto amaitzea esan nahi Kataluniako autonomia bertan behera uzteak. Hau da, Autonomien Estatua amaitu egin da.

c) Hemendik aurrera zer gertatuko den argi daukagu: Erregimenaren estrategia izango da izaera autoritarioa daukan estrategiaren atzean jartzea. Gure askatasun nazionalak eta autogobernua murriztuko dituzte, eskubide demokratikoekin batera.

d) Argi esan dezagun. Salbuespeko egoera baten aurrean gaude. Jokoan daude gure eskubide nazionalak, sozialak eta askatasun demokratikoak. Testuinguru honetan, 155. Artikulua indarrean jartzen duten edo defendatzen duten indarrekin ezin da aliantza politikarik egin.

e) Azken asteetan egiten ari garen irakurketa berresten dute azken gertaerek. Estatua demokratizatzeko aukerarik ez dago. PP, PSOE eta Ciudadanosek osatutako blokeak ezinezko egiten du Estatuaren demokratizazioa. Egoera honi ezin zaio aurre egin anbiguotasunetik. Euskal gizarteari argi hitz egin behar zaio, erdi egiak esan gabe.
Gaur eta hemen gizarte honi esan behar zaio ez dagoela bilateralitaterako tarterik ez bada berdintasunetik egiten.
Egoera politiko honetan, EH Bilduren Mahai Politikoak honako erabaki hauek jakinarazi nahi dizkie euskal herritarrei:

- Salbuespeneko egoera honen larritasuna ikusita, hurrengo egun eta asteetan Kataluniako herriari elkartasuna eta babesa agertzeko ekimenak sustatuko ditugu eta horietan guztietan parte hartuko dugu.
- Katalunian 155. artikulua indarrean jartzearen aurka gauden eta erabakitzeko eskubidea babesten dugun indar politikook, sozialek eta ekonomikoen erantzukizun politikoz egin behar diogu aurre egoera larri honi. Ditugun ezberdintasunak alboratu eta egoerak eskatzen duen mailan egon behar gara. Elkar ulertzeko eta elkarrizketarako guneak bilatzeko jarrera dauka EH Bilduk eta, zentzu horretan, hori bultzatzeko harremanak indartzen ari gara.
- Batasun nazionala eta demokratikoa lehentasuna izan behar dira, are eta gehiago kontuan hartzen badugu Estatuaren jarrera autoritarioak eragin zuzena izango duela gure herrian ere bai. Erregimena salbatu nahi duen bloke atzerakoiak indarrak batu baditu, demokrazia gure herriaren burujabetza eta autodeterminazio eskubidea defendatzen dugunok elkar hartuta jokatu beharko genuke.