Gaur goizean, Gasteizen, ELA sindikatuarekin egin dugun bileraren balorazio baikorra egiten dugu EH Bildutik. Bilkuran hainbat gai izan dira mahai gainean: egoera politiko orokorra, autogobernua, zerga eta aurrekontu politika edota gure herriaren egoera sozioekonomikoa, arreta berezia jarriz krisiaren ondorioak modurik latzenean pairatzen ari diren sektoreetan.

EH Bildu hainbat eragilerekin egiten ari den bilera errondan kokatutako bilkuran, eragile bakoitzak gai ezberdinen inguruko bere posizionamendua azaldu ahal izan du; era berean, hitz egiten jarraitzeko borondatea azaldu dute, euskal herritarren lan eta bizi baldintzak hobetzeko asmoa izango duten akordioen eta sinergien bila.

Euskal herritarren eskubideak eta askatasunak gure herritik kanpo dauden interesen eta mandatuen arriskupean ez egoteko eta gure herrian gehiengo sozialaren babesa ez duten PSE eta PP alderdiek baldintzak ezartzea ekiditeko, tresna propio eta burujabeak lantzearen beharra azaldu dute EH Bilduk eta ELAk gaur goizeko bilkuran. Lan eremuan eta eremu sozial eta ekonomikoan tresna propioak eraikitzea ezinbestekoa da, herritarrei bizi baldintza duinak eskainiko dien burujabetza soziala eskaintzeko bidean. Eta batez ere berdintasunean oinarritutako harreman markoa eraikitzea.

Zentzu horretan, oso kritiko agertzen gara EH Bildutik EAJk eta PSEk adostu dituzten aldaketa fiskal eskasekin; izan ere, aldaketa horiek ez dira nahikoak eta anbizio falta izugarria erakusten dute. Gainera, eragin zuzena izango dute gure instituzioen aurrekontuetan eta horien bidez herritarrei eskainiko zaizkien gizarte zerbitzuetan.

Era berean, ezin ditugu ahaztu EAJk PSErekin eta PPrekin dauzkan akordioak aurrekontuetan eta zerga politikan eta beste hainbat arlotan, horrek daukan eragin politiko eta sozialarekin. EH Bildutik uste dugu ezin dela egiturazko akordiorik izan 155. Artikulua aplikatzen eta defendatzen duten eta Kataluniako Gobernu legitimoaren erdia espetxean daukaten indar politikoekin. Era horretara, EH Bildu prest dago aurrekontuen eta zerga politikaren inguruan EAJrekin negoziazioak abian jartzeko, beti ere jarrera antidemokratikoa duten eta gure autogobernurako tresnak mehatxatzen dituzten indar politikoekin daukan aliantza politikari amaiera ematen badio. Are gehiago, kontuan hartzen badugu salbuespen egoera baten bizi garela azken asteetan.