Aurrekontuen arloan EAJ izaten ari den “koherentzia gabeko jarrera” salatu du Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak, eta Madrilgo aurrekontuen inguruan EAJ esaten ari dena eta hemen egiten ari dena ez datozela bat azpimarratu du. Atzo bertan, Ortuzarrek esan zuen Madrilen ez dela aurrekontuak negoziatzen jarriko 155. artikulua indarrean jartzeak dituen ondorioengatik. “Zergatik 155. artikulua ez negoziatzeko arrazoia da Madrilen eta hemen ez du ezer baldintzatzen? Koherentea izan behar da, eta EAJ ez da izaten ari. Madrilen premisa hori jartzen bada, hemen egiten denerako ere baliagarria izan behar da”, esan du Urizarrek.

Onda Vascari eskainitako elkarrizketan, Urizarrek koherentzia eskatu dio EAJri. “Madrilen egiten ari den irakurketarekin koherentea izateko eskatzen diogu EAJri. Madrilen ez badago baldintzarik aurrekontuak negoziatzeko 155. artikuluagatik eta horrek Kataluniako zein gure herriko autogobernuan eragin okerra izateagatik, zergatik ez dute baldintza bera jartzen hemen?”.

155. artikulua indarrean jartzeak dituen ondorioak “nahikoa larriak dira hemen ere bestelako gehiengoak osatzeko ahalegina egiteko”. Zentzu horretan, Legebiltzarrerako hauteskundeetan egindako eskaintzari eusten diola EH Bilduk nabarmendu du. “Baina EAJk bestelako hautua egin zuen: PSE gobernuko kide gisa hartu zuen eta aurrekontuetarako behar duen botoa Pptik hartzen du. Hau da, Madrilen 155. artikulua indarrean jartzen duten bi alderdiak bazkide gisa ditu hemen”.

Gehiengo berri horiek osatzeko EH Bildu zer egiteko prest dagoen galdetuta, “bustitzeko prest” daudela azpimarratu du Urizarrek, eta horrek herritarren egunerokoan eragin zuzena izango zukeela aipatu du. Baina EAJk orain arteko gehiengoekin jarraitzen duela adierazi du. “Legebiltzarrean oso argi ikusten ari gara azken egunetan, oso agerikoak baita EAJ eta PP aurrekontuan aurrera ateratzeko negoziatzen ari direla”.