Garen enpresarien elkartearekin bilera egin du, gaur goizean, indar subiranistak

Eragile politikoekin, ekonomikoekin, sindikalekin eta sozialekin egiten ari den bilera errondaren barruan, EH Bilduk Garen enpresarien elkartearekin bilkura egin du, gaur goizean. Bere baitan enpresa txiki eta ertain asko hartzen dituen enpresarien elkartea da Garen. EH Bilduren ordezkaritza osatu dute Arnaldo Otegik, Maddalen Iriartek, Gari Mujikak eta Iker Casanovak.

Bilkura giro adeitsuan egin dela agertu dute EH Bilduko ordezkaritzako kideek, bileraren ostean. Era berean, herri honek dituen arazo ekonomikoei, enpresarialei, sozialei eta politikoei irtenbidea bilatzeko eta herri honek dituen erronkei aurre egiteko harremanetan jarraitzeko borondatea agertu dute bi aldeek.

Zerga politikan desadostasunak azaleratu badira ere, EH Bildu eta Garen bat etorri dira euskal ekonomia indartzea, euskal sare produktiboa indartzea, dela herri honek daukan erronketako bat. Hain justu, kalitatezko enplegua sortzeko helburua izan beharko luke horrek, euskal herritarrek beren bizi proiektua modu duinen egin ahal izateko. Hala, enpresa txiki eta ertainek horretan lagundu behar dute. Herri honetako enpresa gehienak txikiak eta ertainak direla kontuan izanda, horiek bultzatzearen eta indartzearen alde egiten du EH Bilduk, haiek direlako, azken finean, euskal ekonomiaren motorra. Eta aldi berean, horrek eragina izan beharko luke euskal langileen ongizate sozial eta ekonomikoan. EH Bilduk beharrezkoa ikusten du enpresak modernizatzeko lan egitea, nazioartekotzea bultzatzea eta enpresa txiki eta ertainek ikerketan eta garapenean inbertitzeko eta lan egiteko sinergiak bilatzea. Gai horietaz eta beste batzuetaz aritu dira EH Bildu eta Gareneko ordezkariak gaurko bilera, beti ere herri honen etorkizunean begirada jarrita.