Eragile politikoekin, ekonomikoekin, sindikalekin eta sozialekin azken asteetan egiten ari den bilera errondaren barruan, EH Bildu CCOOrekin bildu da, gaur goizean, sindikatuak Bilbon daukan egoitzan. Indar subiranistaren ordezkaritza osatu dute Arnaldo Otegik, Maddalen Iriartek, Leire Pinedok eta Ainhoa Beolak.

Gure herriak bizi duen egoera sozioekonomikoaren azterketa egiteko baliatu dute bilkura EH Bilduk eta CCOOek. Era horretara, bi eragileek bere kezka agertu dute eta politika publikoen norabidea aldatzeko beharra nabarmendu dute, euskal herritarrek beren bizi proiektuak modu duinean garatu ahal izateko.

Zentzu horretan, autogobernu maila handiagoa lortzearen premia jarri du mahai gainean EH Bilduk, herritarren beharretara hobeto egokituko diren politika publiko eraginkorrak, hurbilak eta herri ikuspegia daukatenak abian jarri ahal izateko.

Bestalde, EAJk, PSEk eta Ppk adostutako zerga politikaren inguruko kezka azaldu dute EH Bilduk eta CCOOek, ez duelako ahalbidetzen egiten den diru-bilketa herri honetan sortzen den aberastasunaren araberakoa izatea eta batez ere langileen bizkar gainean uzten duelako diru-bilketaren pisurik handiena. Hala, zerga politika aldatzea premiazkoa dela uste dute, sortzen den aberastasunaren araberako bilketa egiteko eta administrazioek herri honen beharretara egokitutako politika sozial eraginkorrak eta sakonak egin ahal izateko, hau da, sortzen den aberastasuna behar bezala birbanatzeko.

Langabezia eta sortzen den enpleguaren kalitatea izan dira gaurko bilkuran EH Bilduk eta CCOOek partekatu dituzten beste kezka batzuk. Zentzu horretan, bi aldeak bat etorri dira gaur egun sortzen den enpleguaren kalitate eskasa muga bat dela euskal herritarrek bizi baldintza duinak izateko eta azpimarratu dute administrazio publikoek gai honi heldu behar diotela eskubidedun eta kalitatezko enpleguak bermatu ahal izateko.