Eragile politikoekin, ekonomikoekin, sindikalekin eta sozialekin egiten ari den bilera errondaren barruan, indar subiranistako eta Confebaskeko ordezkaritzek bilkura egin dute gaur goizean, enpresarien elkarteak Bilbon daukan egoitzan. Bilera izan diren bi ordezkaritzak goren mailakoak izan dira. EH Bilduren ordezkaritza osatu dute Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak, Maddalen Iriarte Legebiltzarreko bozeramaileak, Iker Casanova legebiltzarkideak eta Industria Idazkariak eta Leire Pinedo legebiltzarkideak eta Fiskalitate Idazkariak.

Giro onean egin da bilera, eta bi eragileen harremanetan ziklo berri bat irekitzeko balio izan du. EH Bilduko eta Confebaskeko ordezkaritzek bilera baliatu dute egoera politikoa, ekonomikoa eta soziala aztertzeko eta herri honek dituen erronka nagusiei konponbideak bilatzeko. Bi eragileetako ordezkariek biltzen jarraitzeko borondatea agertu dute, euskal herritarrek behar dituzten konponbide partekatuak bilatzeko helburuarekin.

Autogobernuarena eta gure herriaren etorkizun politikoarena izan da gaurko bileran landu duten gaietako bat. Zentzu horretan, EH Bilduk bere kezka azaldu du Espainiako estatutik behin eta berriro agertzen diren birzentralizazio asmoekin, eta autogobernu eta burujabetza maila handiagoak izatearen beharra azpimarratu du, modu horretan euskal ekonomia eta euskal herritarren bizi baldintzak hobetzeko eta sendotzeko, beti ere gehiengo politiko eta sozial berrietan oinarrituta.

Bi eragileak kezkatzen dituen beste gai batzuk ere landu dira gaurko bileran, nahiz eta horiek bideratzeko politiketan bat ez etorri: enpleguaren egoera eta kalitatea, gure herriko industria indartu eta modernizatzeko premia eta zerga eredu justu eta ekitatiboa ezartzeko beharra. Lan baldintzak hobetzeko eta prekaritatearekin amaitzeko beharra helarazi diote EH Bilduko ordezkariek Confebaski, batez ere sektorerik ahulenetan, gazteetan eta emakumeetan, modu horretara euskal langileriarekin bizi baldintzak hobetuko direlako. Era berean, bi eragileak bat etorri dira herri honetako enpresak eta industria indartzeko eta modernizatzeko beharrean, euskal ekonomiak dituen erronkei aurre egiteko.