Arnaldo Otegik gaur arratsaldean Donostiako Miramar jauregian hitzaldia eskaintzea aurreikusia zegoen. Erantzukizun politikoagatik, EH Bilduk erabaki du bertan behera uztea hitzaldia, eta beste data bat zehaztuko du azkenean hitzaldi hori gauzatu ahal izateko.

Azken orduetan jakin ahal izan dugunez, Espainiako polizien eta guardia zibilen manifestazioa egingo da Donostia eta, hain justu, Donostiako Miramar jauregian amaituko da, EH Bilduk bere hitzaldia egingo duen leku eta ordu berean.

Litekeena da gure hiriaren historian inoiz ez amaitu izana manifestazio bat leku horretan, guk ez dugu horrelakorik gogoratzen. Horregatik, galdera hau egiten diogu gure buruari: zein da manifestazioa leku horretan amaitzearen helburua ordu horretan EH Bilduk ekitaldi bat deitu daukala jakinda?

Aste honetan bertan, agindu judizialik gabeko polizia operazioa egin du Guardia Zibilak. Orain, beren helburua da “liskar larrien” irudia erakustea Miramar jauregiaren atarian.

Beste galdera bat ere egiten diogu gure buruari: nolatan eman du manifestazioa Miramarren amaitzeko baimena Jaurlaritzako Barne Sailak jakinda ezker subiranistak ekitaldia deitua zeukala leku horretan. Horrelakoak gertatzearen azken helburua zein den ere galdetzen diogu gure buruari.

Besteen arduragabekeriaren aurrean, erantzukizunez jokatzen du EH Bilduk, eta ez ditu elikatuko gure herriaren bakerako eta elkarbizitzarako txarrak diren egoerak. Bakearen alde modu demokratikoetan egindako lanari eutsiko diogu.

Gure proiektua garatzeko lanean jarraituko dugu; bakea, demokrazia eta berdintasuna defendatzen jarraituko dugu; gure herriarentzat burujabetza eta independentzia eta estatuko segurtasun indarrak gure herritik alde egitea aldarrikatzen jarraituko dugu.