Bere desmobilizazioa iragartzeko ETAk zabaldutako agiriaren balorazioa egiteko, honako adierazpen hau irakurri du Arnaldo Otegik hedabideen aurrean:

Gaur, Euskal Herrian aro bati amaiera ematen zaio. Herri eta herritar gisara sasoi gogorra izan da. Euskal Herriak gatazka politiko eta armatua bere gordinean bizi izan du. Horrek mota guztietako sufrimendua sortarazi du alde guztietan. Hemendik sufritu duten eta sufritzen ari diren pertsona guztiak gogoan hartu nahi ditut. Inor bazterrean utzi gabe.

Mezu honen bidez eskerrak eman nahi dizkiet urte luzetan egun hau heldu zedin lanean aritu diren pertsona eta erakunde guztiei. Askotan ez da posible izan, oztopo asko izan ditugu, beti ez dugu asmatu... Baina borondatea bazegoen eta azkenean egin dugu.

Gaurtik aurrera beste aro bat zabaltzen da definitiboki herri honetan. Esperientzia ezberdinetatik (77koa, 98koa...) ikasi eta beste behin ere herri gisara urratsak emateko abagunea ireki dela uste dut. Baliatu dezagun aukera hau, denbora galdu gabe.

Amaitu aurretik, nire ongi etorria eman nahi diot ETAk ardura historikoz hartu duen erabaki honi. Erantzukizun osoz amaiera ordenatu bat gauzatu du, 60 urteko ibilbideari itxiera emanez.

Bakerik eta askatasunik gabeko herria gara oraindik, baina hori eraldatzeko bidean jarraituko dugu etenik gabe eta lortu arte.

Euskal Herrian, 2018ko maiatzaren 3a