Pentsiodunen euskal mugimenduak deituta, mobilizazioak izango dira larunbatean, Hego Euskal Herriko hiriburuetan, pentsio duinak aldarrikatzeko. Justizia sozialean eta berdintasunean oinarritutako gizarte eredu bat eraikitzeko, EH Bilduk uste du oinarri-oinarrizkoa dela pentsioak duinak izatea, gaur egun gertatzen ez den bezala. Era horretara, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean izango diren mobilizazioetan indar subiranistaren ordezkaritza zabalak izango dira.

Bilboko mobilizazioan izango dira, besteak beste, Maddalen Iriarte, Iker Casanova, eta Oskar Matute; Donostiakoan izango dira Nerea Kortajarena, Ainhoa Beola eta Amaia Almirall; Gasteizkoan, berriz, Miren Larrion; eta Iruñean Asun Fernandez de Garaialde.

Euskal pentsiodunen mugimenduak azken asteetan kaleetan egiten dituen aldarrikapenekin bat egiten du EH Bilduk. Hala nola, ezinbestekotzat ikusten du 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea eta, beste biderik ez bada, Hego Euskal Herriko administrazioek pentsio horiek osatzea, 1.080 eurora iritsi arte. Halaber, euskal pentsio sistema propioa osatzeko urratsak emateko beharra ikusten du indar subiranistak. Horretarako herri honek baliabide nahikoak ditu, eta borondate kontua beharko litzateke, lehentasun politikoak ezartzea.

Horregatik guztiagatik, pentsiodunen etorkizunarekin batera euskal herritar orok etorkizun duina izatea jokoan dagoelako, larunbateko mobilizazioetan parte hartuko du EH Bilduk, eta bertan izatera deitzen ditu herritarrak.