IEgitaraua eta izen ematea: bizilibreak.ehbildu.eus

Joan den martxoaren 8an eta San Ferminetako bortxaketaren auziaren sententzia ezagutu ondoren izan ziren mobilizazio jendetsuek argi baino argiago uzten dute egiazko berdintasun errealean oinarritutako jendartea osatzetik urruti gaudela oraindik eta euskal jendartearen gehiengo sozialak norabide horretan urratsak ematea exijitzen duela. EH Bilduk bere sorreratik dauka emakumeak eta gizonak berdinak izango diren Euskal Herria eraikitzeko helburua, eta horren alde egiten du lan egunero eremu guztietan: kalean eta instituzioetan.
Zentzu horretan, indarkeria matxista lehen mailako arazoa da euskal jendartean. Indarkeria eta eraso matxistak ez ditu kasu isolatu edo salbuespen bezala hartzen EH Bilduk. Eta, lehen mailako arazoa den neurrian, lehen mailako tratamendu politikoa eman behar zaiola uste dugu. Zentzu horretan, beharrezkoa ikuste dugu gure lanketa politikoa egiteko oinarri sendoak ezartzea eta jendartearen ertz ezberdinetatik, batez ere mugimendu feministatik, proposatzen diren konponbideak eta neurriak ezagutzea eta elkarrekin lantzea. Modu horretara, ‘Bizitza libreak eraikiz: indarkeria matxistei erantzunak’ izenburuko jardunaldiak egingo ditugu Iruñean, ekainaren 22an.
Jardunaldien xedea da, hain zuzen, lanketa horri bultzada bat ematea: ikuspegi feminista eta integrala kontuan hartuz, askotariko eremu eta jatorrietatik praktika onak, hausnarketak eta analisiak partekatzea eta erantzun-gakoak eta proposamenak bilatzea. Emakume feministak izango dira protagonistak: hainbat eremutan profesionalak, adituak, militanteak... Gaiaren zeharkakotasunari helduz eta feministek izan behar duten protagonismoa nabarmenduz, hausnartuko dugu lau ildo hauen gainean: komunikazioa, politika publikoak, legegintza eta mugimendu feminista. Bukatzeko guztien arteko mahai ingurura izango dugu, gako feministak bilatu nahian.
Gure eguneroko jardunean eta mugimendu feministarekin izandako harremanetan argi ikusten dugu oraindik orain indarkeria matxistei erantzuteko baliabide nahikorik ez zaiola eskaintzen, oro har, gure herriko instituzioetan. EH Bilduren ustean, indarkeria matxistei erantzuteko politika feminista eraginkorrak jarri behar dira abian, beti ere mugimendu feministarekin elkarlanean arituta, eta indarrean jarri beharreko neurri eta politikei baliabide tekniko, ekonomikoak eta giza baliabideak ezarrita. Lehen mailako arazoari lehen mailako baliabideak eta arreta jarri behar zaiola, alegia.
Zentzu horretan, eredugarria iruditzen zaigu Iruñeko Udalak, mugimendu feminista eta herritarrekin batera, abiatu duen kanpaina. Protokolo eraginkorrak abiarazi behar ditugu, indarkeria jasan duten emakumeak ez biktimizatu eta subjektutzat hartu, hezkidetza landu emakumeen eta gizonen rolak eraldatzeko, neskak eta nerabeak ahaldundu autodefentsa feministaren bidez, emakumeen eta gizonen identitateen eta izaeren errelatoak, imaginarioak apurtu eta beste batzuk eraiki, tresnak izan errealitatea beste ikuspegi batetik ezagutzeko eta aztertzeko....hori guztiori eta gehiago beharrezkoa dugu, eta guztiorrek behar ditu baliabideak aurrera ateratzeko.
Horretaz guztiaz hausnartzeko, Euskal Herri parekidea eraikitzeko eman beharreko urratsez eztabaidatzeko, indarkeria matxistei aurre egiteko politika eraginkorrak elkarren artean adosteko, jardunaldiak egingo ditugu Iruñeko Condestablen, ekainaren 22an. Herritar oro bertan parte hartzera gonbidatuta, gure jendarteko kide orori dagokion zerbait delako indarkeria matxistekin amaitzea.