Gaurko panelek eman dutenaren laburpena:

LEHEN PANELA:

Egituraketa administratiboa “instituzionalizazio ebolutiboaren” bidetik
Euskal Estatuaren Bidean jardunaldietako lehenengo mahai-inguruak Euskal Herriaren egituraketa administratibo instituzionala izan du ardatz, eta bertan izan dira Beñat Irasuegi kooperatibista artisaua, Adrian Zelaia EKAI Centerreko lehendakaria eta Eguzki Urteaga EHUko irakaslea; Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakari ohia izan da moderatzailea.
Adrian Zelaiak erakundetzea izan du hizpide eta azaldu du funtsezkoa dela erakundeak sendoak, eraginkorrak, garbiak eta interes orokorrarekin lotuak izatea. Ondoren, erakundetze horretako eragileek izan beharreko funtzioak azaldu ditu. Erakunde publikoen kasuan, planteatu du ekonomia kontrolpean izan behar dutela, bestela ekonomiak hartzen baitu politika. Finantza erakundeen kasuan, berriz, kudeaketa serioa eta gizarte sustraitua behar dutela esan du. Hedabideei dagokienez, informazioaren kontrolak demokratikoa izan behar duela aldarrikatu du, plutokraziarik gabe. Enpresariei begiratuz gero, haien ordezkaritza ez dagoela argi eta diotenari batzuetan behar baino pisu handiagoa ematen zaiola adierazi du.

Beñat Irasuegik herrigintzatik estatugintza egitea defendatu du, eta herrigintza ere ekonomia dela gaineratu du. Herrigintza indartu eta esfera komunitarioan jartzea aldarrikatu du, horrek “aukera markoa estua izan arren”, bide ematen duelako estatugintza arloan aurrera egiteko. Zentzu horretan kooperatibismoaren balioa azpimarratu du, zentzu zabalean ulertuta. Estaturik gabeko eremuetan arlo komunitarioa funtsezkoa dela eta Euskal Herrian potentzialitate handia dagoela esan du. Estatugintza arloan tokikoak duen garrantzia ere agerian utzi du Irasuegik, bertatik hainbat urrats posible direlako (beste maila batzuetan ez bezala) eta herritarrek nabaritzen dutelako onura.

Eguzki Urteak, Hego Euskal Herriaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko aldeak izan ditu hizpide: “Ipar Euskal Herriak gobernantza maila altua eta erakundetze baxua du eta Hegoaldean kontrakoa gertatu da”. Prozesuak ere kontrakoak izan direla esan du: “Ipar Euskal Herrian Elkargoa sortu da akordio handi baten ondorioz, eta Hegoaldea berriz birzentralizazioa jasaten ari da”. Ipar Euskal Herrian azken 20 urteetan izandako prozesua azaldu du eta prozesu luzea izan dela, konfrontaziorik lankidetzara pasatuz eta analisi eta diagnostiko komunak eginez. Azaldu duenez, “Instituzionalizazio ebolutiboa” eragin du gobernantza horrek. Horrez gain, akordioak eta arlo estrategikoetan gehiengo kualifikatuak lortzearen garrantzia azpimarratu du.

Hirurek, gainera, hedabideen eta sareen garrantzia azpimarratu dute, eta agenda propioa izatea defendatu.

 

BIGARREN PANELA:

Finantza publikoen kontrolaren beharra aldarri
Euskal Estatuaren Bidean politika fiskala eta batez ere harreman ekonomiko finantzarioak estatuarekin izan dituzte hizpide Helena Francok (Gipuzkoako Aldundiko Ogasun diputatu ohia eta EHUko irakaslea), Txema Mendibilek (Gipuzkoako Ogasuneko zuzendari ohia eta AEATko goi teknikaria izana), eta Juan Carlos Longásek (NUPeko irakaslea), Esther Agirre moderatzaile zela.
Txema Mendibilek gaur egungo sistema fiskalen helburuak azaldu ditu era gordinean: funts publikoak lortzea (baina ez gehiegi, defizita interesatzen zaielako), aberatsak are aberatsago bihurtzea eta bakoitzaren eremuko zergak jaistea, inbertsioak eta abar erakarriko direlakoan. Horrek guztiak eragiten du sistema fiskalak gero eta bidegabeagoak izatea.
Mendibilek salatu du eztabaidarik ez dagoela politika fiskalaren inguruan, eta eztabaida eskatu du.
Helena Francok eta Juan Carlos Longásek, fiskaltateaz harago, Kontzertuaren eta Itun Ekonomikoaren gaiari heldu diote. Helena Francok azaldu duenez, “Itun ekonomikoa tresna eraginkorra izan daiteke, herri honek irabazitakoa, Estatuari ateratakoa, Euskal Herriak egindako borrokaren ondorio. Baina bestetik sakralizatu egiten da: edozein estaturen parekoa dela, autogobernuaren adierazle dela…”
Helena Francoren ustez, ordea, argi dago ez dela hainbesterakoa eta muga oso oso nabarmenak dituela. Batetik, Gizarte Segurantza kanpoan uzten da, eta horrek eragiten dute zerga oinarriaren heren bat kanpoan uzten dela. Horrez gain, Hego Euskal Herrian zerga gehienak bertan jasotzen diren arren, arlo horretan ere muga handiak daude: araugintza ahalmenik ez dute Hego Euskal Herriko erakundeek eta zergak jasotzerako orduan ere mugak daude (enpresa handien kasuan). Azkenik, doikuntzak ere estatuak kontrolatzen ditu.
Juan Carlos Longásek Kontzertuaren eta Itunaren inguruan esan du muga ugari dituela, bai barne mugak bai kanpo mugak. Horrez gain, eliteen arteko ituna dela ere esan du.
Horrez gain, aurrekontu egonkortasunaren legea gogor salatu dute hirurek. “Izan ditzakezu aurrekontu orekatuak, urte batean diru gehiago lor dezakegu eta gastu arauak dio ezin dugula gastatu, zorra ordaintzera bideratu behar dela. Oso larria da, eta dena erabaki ezin dugulako”. Horregatik, hirurek defendatu dute estatu propioa izatearen garrantzia, erabaki ahal izateko. “Ezin gara konformatu. Finantza publikoak zutabe oso garrantzitsua dira eta gizarte kohesionatua sortzeko tresna hori behar dugu”, aldarrikatu dute parte-hartzaileek.

 

HIRUGARREN PANELA:

Europa, oztopo asko izan arren aukera asko eskaintzen dituen bidea
Europako eta Europako Batasuneko argi-ilunez eztabaidatu dute Bart Maddens Flandriako politologoak, Sjurdur Skaale Feroe Uharteetako diputatuak eta Sebastian Quinot Korsikako Asanbladako bulegoko zuzendariak. Hala, agerian geratu dira kultura politiko eta errealitate politiko ezberdinak daudela.
Europarekiko konfiantza-deskonfiantza posizionamendu kontraesankorrak dituztela Korsikan azaldu du Quenotek. Alde batetik, kohesiorako, garapenerako eta beste arlo batzuetarako urratsak ematea espero dute, baina, aldi berean, Europan interlokutore bakarra Frantziako estatua dela ikusten dute. Era berean, azken urteetan Korsikan izan diren aldaketak eta sentimendu independentistak izan duen gorakada azaldu ditu.
Faroe Uharteen egoeraren berri ematean, ikus-entzuleak harritu egin ditu Sjurdur Skaalek: “Faroe Uharteak Danimarkako erreinuaren parte dira, baina Danimarka Europako Batasunean sartu zenean, gu ere sartu edo ez erabakitzeko aukera eman zigun; 3 urte egoera aztertzen aritu ostean, ez sartzea erabaki genuen, arrantzatik bizi ginelako eta EBn sartzeak ondorioak izango zituelako. Europako gune ekonomikoan ere ez gaude, baina akordio komertzialak ditugu. Horren guztiaren ondorioz, lubaki bat ireki da, Danimarka gero eta txertatuago dagoelako EBn eta gu ez. Gainera, zenbaitetan politika kontraesankorrak ditugu: EBk Errusia zigortu zuen eta Errusiak EB. Hori dela eta, Danimarkak ezin du elikagairik esportatu Errusiara, baina guk bai”. Faroe Uharteek erabaki gaitasun handia dutela defendatu du. Danimarkarekiko eta EBrekiko dependentzia, aldiz, gero eta txikiagoa da. Era horretara, Faroe Uharteek estatu izateko behar handirik ez dutela azpimarratu du. “Beste aldetik borondatea badago, ez dago beharrik. Baina egia da, aldi berean, hori ez dela Europako beste leku batzuetan gertatzen”. Konstituzio berri baten sorkuntzaz eta prozesu horretan dauden fase ezberdinez ere aritu da.
Belgikako erregioek dituzten eskumenak azaldu ditu Bart Maddensek. “Erregio edo eskualderen batek barne eskumenen bat badauka, kanpo eskumena ere badauka; horregatik, nazioarteko hitzarmenak egin ditzakegu. Belgikako estatuak erregioen eskumenekoa den nazioarteko hitzarmenen bat izenpetzen badu, erregioek berretsi behar dute. Nire ustez, beste nazio batzuentzat eredu baliagarria izan daiteke, Europan eragin gaitasun handiagoa ematen duelako”. Belgikako egituraz hausnarketa interesgarriak egin ditu Maddensek eta Belgikako estatuaren izaera konfederalaren alde egin du.
Sjurdurrek eta Maddensek azpimarratu dute errealitate horiek posible direla Europa iparraldean kultura politikoa askoz irekiagoa eta demokratikoagoa delako, hegoaldeko eredu askoz zentralistagoaren aurrean.

Europa estatuen batasuna dela eta erregioek aukera gutxi dituztela azaldu dute hizlari guztiek. Sjurdur harago ere joan da: “Estaturik gabeko nazioentzat Europako Batasuna ez dela baliagarria uste dut, baina hautsi ere egin daitekeela uste dut. Europak bere kontraesanak kudea ditzake, baina mugak estatuek jarriz gero; Estatuen arauak eta mugak defendatzen ditu beti”.
Europaren baitan dauden ezberdintasun handiak eta errealitate ezberdinak agerian geratu dira mahainguruan eta, aldi berean, konponbideak eta bideak era askotakoak izan daitezkeela.