Bilboko Campos antzokian egiten ari diren Euskal Estatuaren Bidean jardunaldien bigarren egunaren laburpena.

1. PANELA

Estatu feminista eraiki beharra
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusi ohiak, Jule Goikoetxea EHUko ikerlariak eta Tània Vergé Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasleak estatu feminista eraiki beharraren inguruko mahai-inguru bizi eta interesgarria izan dute, Mila Amurriok moderatua.
Tania Vergék oso era grafikoan laburbildu du bai Euskal Herrian bai Katalunian prozesu eratzaileen ondorioz sortu nahi diren estatuek zer ez duten izan behar: “Ez dugu miniEspainia bat sortu nahi”, eta Jule Goikoetxeak zer izan behar duten azaldu du: “Estatu feminista sortu behar dugu”.

Tania Vergek gogoratu du emakumeena prozesu eratzaileetan eta eskubideen lorpenetan bazterkeria historia izan dela, guztia gizonen ikuspegitik eta gizonen eskubideen arloan gauzatu baita. Ibilbide hori gainditu eta prozesu eratzaile berrietan oso bestela izan behar duela defendatu du. “Subiranotasunaren eta feminismoaren arteko aliantzak sortu behar dira, eta zeharkakotasuna bilatu. Txertatu da feminismoa, baina ez behar bezala eta ez ezinbestekoa den zeharkakotasunarekin”, adierazi du Vergék. Horretarako, ezinbestekotzat jo du prozesu eratzaileen formatu ezberdinak aztertzea, espazioak feminizatzea, parte-hartze moldeak egokitzea eta abar.

Ainhoa Etxaidek aipatu du mugimendu feministak bihurtu duela emakumea subjektu eta ezinbestekoa dela prozesu eratzailean mugimendu feminista subjektu izatea. Sistema Kapitalistak gaur egun emakumeak subjektu politiko aktibo izatea gero eta gehiago zailtzen duela uste du, baina horri aurre eginez
aldarrikatu du estatugintza berriaren bidez instituzionalizatu behar dela bestelako etorkizun bat, eta horretarako zehaztu beharko da mugimendu feministak zer eta nola erabaki. Agenda mugimendu feministak jarri behar duela defendatu du, eta ez duela beste batzuek ezarritako eztabaidetan aritu behar.
Etxaidek, gainera, azpimarratu du garrantzitsua dela estatua izan arte zain egon gabe, herri ekimenaren bidez bidea egiten joan behar dela, estatu feminista horren bidean.

Jule Goikoetxeak ahalduntzearen aldeko apustua egin zuen eta horretan, besteak beste, desmerkantilizazioa eta desfamiliarizaio funtsezko jo zituen. Estatugintza feministari dagokionez, hainbat elementu edo ezaugarri azpimarratu zituen: “Gizon-emakumeen arteko ezberdintasuna botere desberdintasuna da, gizonak emakumea esplotatzen du, eta hori desegin behar da; jakintza praktika berria bideratu behar da, gaur egun ezagutzea heretosexualki pentsatzea baita; gizon-emakume klasea apurtu behar da, espazio ez mistoak sortuz…”

Prozesu eratzaile feministek edota estatu feministek erakarmen ahalmen handia dutela esan dute hirurek. “Estatu feminista nahi dutenek ikusten dute errazagoa izan daitekeela estatu feminista berri bat sortzea”, esan du Goikoetxeak.

 

2. PANELA

Azpiegitura politika, funtsezko estatu politika
Unai Fernandez de Betoño EHUko irakasleak, Mikel Otero EH Bilduko parlamentariak eta Daniel Albalate Bartzelonako unibertsitateko irakasleak azpiegitura politika izan dute hizpide, Aitziber Salazarren gidaritzapean, eta guztiek argi dute azpiegitura politika estatu politika dela, eta oso kontuan hartu beharrekoa estatuaren sorreran.
Hiru hizlariek azpimarratu dute azpiegitura handi guztien inguruko eskumenak estatuenak, Espainiarena eta Frantziarena, direla, eta hori aldatu beharra dela uste dute, oso garrantzitsua baita azpiegitura politikak gidatzea nazio ikuspegia txertatzeko eta herritarren beharretara egokitzeko.
Mikel Oterok era grafikoan azaldu nahi izan du egunerokotasunean eragin nabarmena duela azpiegitura politikak, eta horretarako esan du egunerokoan erabiltzen ditugun argia, ura, gasa, gasolina… azpiegitura politika zehatz batzuen ondorioz heltzen zaizkigula, eta horien gaineko erabaki guztiak estatuak hartzen dituela, gure behar eta interesak kontuan hartu gabe. Espainiaren kasuan, azpiegitura kritiko horien inguruan dagoen gaindimentsioa salatu du.

Daniel Albalatek Espainiaren azpiegitura politika kritikatu du gogor, izan ere, estatuak bere interesei begira jokatzen baitu eta zentralismoa bultzatzen du. Horren adibide gisa AHT aipatu du: “Abiadura Handiko Tren sarearen helburua Madril probintzietako hiriburuekin lotzea da, Gobernuan egon diren alderdi guztiek defendatu dute, eta hori gertatzen da nazio batasunerako proiektu gisa ikusten dutelako”.

Bestetik, Albalatek azaldu du azpiegituren gaia funtsezkoa izan dela prozesu soberanistan, izan ere, balio izan du jendeak ikusteko Espainiatik erabakiak ez direla Kataluniako herritarren mesedetan hartzen: “Aireportuei dagokionez, historikoki argi ikusi da Barajas saritzen dela besteak bazter utzita, baina batez ere aldirietako trenen krisiak ikusarazi zion hori herritarrei: 2008an hurbileko trenen kolapsoarekin herritarrek ikusi zuten Espainiako estatuari ez zitzaiola batere axola Kataluniako trenen egoera”.

Unai Fernandez de Betoñok ere estatu gisa azpiegiturek duten garrantzia azpimarratu du, eta erabakiak Espainiak edo Frantziak hartzeak sortzen dituen arazoak azpimarratu ditu: “Bikoizketak gertatzen dira (5 aireportu, esaterako), portu lehorrak eraiki dira trenarentzat eta gero Estatuak esan du trena ez dela merkantzientzat; eskualde batzuk, esaterako Oarsoaldea eta Armiñon ingurua, erabat porlanez bete dituzte azpiegitura erraldoi pila batekin…”

Azkenik, Estatuen politika horien aurrean Euskal Herrian bi joera daudela azpimarratu du Oterok. “Bata, ezezkoarena, alegia azpiegitura horiek egitearen kontrakoa eta bestea da, planifikazioa onartu eta onuraren bat jaso nahi lukeena”.

 

3. PANELA

Independentziarako bideen inguruan, zenbat buru hainbat aburu
Imanol Galfarsoro Leeds-eko unibertsitateko irakasleak, Joseba Gabilondo Michiganeko unibertsitateko irakasleak eta Quim Arrufat Bartzelonako unibertsitateko irakasleak independentzia lortzeko bideak izan dituzte hizpide, eta Kataluniako prozesua azaldu du Arrufatek. Guztia Unai Apaolazaren zuzendaritzapean.
Joseba Gabilondok “independentziarako errezetak” ematera bideratu zuen bideokonferentziaz egindako agerraldia. “Independentzia proiektu erakargarria lortu nahi badugu, %60ra iritsi nahi badugu, independentzia edukiz bete behar dugu. Horrez gain, neoliberalismoari aurre egin behar dio independentzia proiektuak, eduki eraldatzailea eman behar zaio. EAJrekin, agian, noizbait independentzia lor genezake, baina estatu neoliberala litzateke, eta ez genuke alde handirik lortuko. Beraz, neoliberalismoari aurre egin behar zaio.” Horrez gain, lau eslogan sinple sortzea eta errepikatzea proposatu zuen, ildo hauen inguruan: osasun unibertsala, bankuak nazionalizatu, etxebizitza eskubide bihurtu, jubilazioak bermatu, 1.500 euro soldata oinarrizkoa, armadarik gabea.
Imano Galfarsorok, aldiz, oso bestela planteatu zuen gaia. “Ez nago hain seguru independentzia neoliberalismoari aurre egiteko balio duenik”. Horrez hain, azpimarratu du euskal ezkerrean eta ezker katalanean gauza bat nabarmen aldatu dela: “Gaur egun independentzia sozialaz ari gara, baina jakin behar dugu hori eta errealitatea uztartzen, esan nahi dut kudeaketaz jardun behar dugula”. Galfarsororen ustez, independentzia utopiatik kanpo utzi behar da, pragmatismoz erakutsi behar da nolako estatua nahi dugu eta zer egin nahi dugun.
Quim Arrufatek, berriz, Kataluniako prozesuaren bilakaera azaldu du. Esan duenez, duela 10 bat urte 78ko erregimenaren arauak apurtu zirenez, ez zuen zentzurik, esaterako, krisiari aurre egin ahal izateko subiranotasun fiskala eskatzea, eta mugimendu independentista indartu egin zen demokrazia erregimenaren kontra ideian eta independentzia demokrazia bilakatu zen, eta akordioak herritarren artean planteatu ziren, Kataluniako herritarren artean. Hala, erresistentzia abertzaletasunetik atera eta beste eredu batera pasatu zen.
Aldaketa hori eman zen independentzia zaleen artean, baina oraindik diskurtsoa aldatu gabe zegoen eta eliteak ere. Ondorioz, urriaren 3tik aurrera berriro eliteen esku utzi zuen herriak independentzia bidea, baina Arrufaten ustez hori aldatu beharra dago. “Guk dugun estatu egitura garrantzitsuena herria da, beraz, hori indartu behar dugu berriro. Momentuak bilatu behar ditugu herria aktibatzeko”. Horrez gain, estatuaren eten eta prozesu eratzailea martxan jartzeko deia egin zuen, “hori baita egin daitekeen propaganda onena oinarri soziala areagotzeko”.