EH Bilduko senatari Jon Iñarritu Motrilen da gaur (Granada, Andaluzia), Migratzaileen aldi baterako Harrera Zentroa bisitatzen. Egunotan Andaluziako kostara iritsi diren ehunka persona migratzaile hartu dituzte bertan. Iñarritu senataria gobernuz kanpoko erakundeekin eta migratzaileekin bilduko da beren egoera ezagutzeko.

Harrera zentroaren atarian, Iñarrituk nabarmendu du “larrialdi humanitario” baten aurrean gaudela eta bide horretan erantzun behar zaiola auziari, “berehala eta eraginkortasunez”. Bisitaren helburua instalazioen egoera gainbegiratzea eta beren bizitza arriskuan jarriz Europara iristen diren pertsonei eskaintzen zaien harrera prozesua ikuskatzea da.

Ildo berean, senatari subiranistak ohartarazi du horietako asko asilo eskatzaileak izan daitezkeela aurki eta ezinbestekotzat jo du migratzaileei prozedura bizkorrak ziurtatzea denboran luzatu eta betikotu ez daitezen. “Migratzaileei begirako Europako politikek oinarrizko giza eskubideak eta Europako Batasunaren printzipioak izan beharko lituzkete oinarri, gobernu ultra batzuek sustatzen dituzten bide polizialak baztertuta”.