Rebeka Uberak azaldu duenez, “pertsonen formazioa eta garapen integrala oinarri izan beharrean, merkatuaren momentuko interesak lehenetsiko duen sistema sustatzen ari da”

Legebiltzarrak Lanbide Heziketaren Legea onartu du gaur EAJ-PSE eta PPren aldeko botoekin. EH Bilduk aurka bozkatu du gobernukideek sustatutako legeak “patronalari begiratzen diolako eta lehentasun osoa ematen diolako eredu ekonomiko zehatz bati: Euskal Erkidegoan kokatua baina Estatuko markoari begirakoa, gure gizarte premi sozio ekonomikoak bigarren plano batetan uzten dituena, Confebask-en epe motzeko eredu produktiboa gailentzeko. Herrian, tokiko garapenean sustraitzeari uko egiten diona”.

Rebeka Ubera legebiltzarkideak adierazi duenez, “pertsonaren formazioa eta garapen integrala oinarri izan beharrean, merkatuaren momentuko interesak lehenetsiko dituen legearen aurrean gaude. Noski, Lanbide Heziketako legeak sare produktiboaren nondik norakoei erantzun behar diela, baina begirada etorkizunean jarrita, bertako enpresa ertain txikietan jarrita, bereziki, eta ez erabaki gunea beste herrialde batzuetan duten enpresetan soilik”.

Uberak azaldu du EH Bilduk hainbat ekarpen egin dizkiola legeari: Lanbide Heziketa sistema publikoaren eta garapen iraunkorraren zerbitzura jartzeko; tokiko garapena eta kalitatezko lan baldintzak sustatzeko edo euskalduntzean eta inklusibitatean aurrera pausuak emateko, besteak beste. “Ahalegin berezia egin dugu lege honetan ahalik eta adostasun zabalena lortzeko, baina ez da posible izan. Ez da eztabaidarik egon, ezta negoziaziorik, Gobernuak erabakia zuelako ahalik eta aldaketa txikienarekin onartu nahi zuela legea, eta horretarako PPren babesa bilatu du”.