Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Gasteizko Legebiltzarrean estatus berriaren inguruan lotutako akordioak aurrera egiteko konpromisoa hartu du, “baina aurretik onartutako irizpideak eta oinarriak errespetatuz”. Zentzu horretan esan duenez, “uneak eskatzen duen erantzukizun historikoarekin jokatzeko bere jarrera adierazi nahi dio EH Bilduk gure herriari. Euskal herritarrek beren eskubide nazionalak eta sozialak izatea bermatzea ekarriko duten eta beharrezkoak diren akordioak lotzeko bere borondateari eutsiko dio EH Bilduk”.

Gernikako Arbolaren aurrean egindako ekitaldian, Otegik adierazi du erabakitzeko eskubidea dela euskal jendartea ardazten duena. “Gure bizitza politikoaren, sozialaren, ekonomikoaren eta kulturalaren gaineko kontrola izateko aukera ematen digu eskubide horrek. Berdintasunean oinarritutako gizarte askeagoa eta justua eraikitzeko erronka partekatuari aurre egin ahal izateko beharrezkoak diren tresnak eskaintzen dizkigu eta ahaldundu egiten gaitu. Dena erabakitzeko eskubiderik gabe ez dago aldaketa sozialik. Erabakitzeko eskubidea errespetatzea gure herria errespetatzea da”.

Zentzu horretan, nabarmendu du EH Bilduk ez duela ez betorik eta ez inposiziorik onartuko. “Baietz esaten diogu akordioari, baina irmotasun berberaz esaten dugu ez dugula betorik ez eta inposiziorik onartuko; herritarrek modu libre eta demokratikoan gure herria auto-eraikitzeko erabakitako ahalmenak ukatzeko helburua duten beto eta inposiziorik ez dugu onartuko”.

“Agortua” dagoen autonomien eredua gainditzeko eta akordio berriak egiteko deia egin du Otegik. “Garai berria bizi dugu. Duela urte batzuk ezinezkoak ziruditen akordioak posible dira orain eta, gainera, beharrezkoak dira. Herri izaerako akordioak; askatasuna, ongizatea eta euskal herritarren arteko berdintasuna helburu izango duten akordioak”. Hala, “erantzukizunez eta eskuzabal” jokatzeko deia egin die eragile politikoei, sindikalei eta sozialei.