Duela 36 urte, ETA erakundeak Errenterian egindako atentatu baten hil zen Antonio Cedillo Espainiako polizia nazionala. Gaur bera oroitzeko eta elkarbizitza berreraikitzean aurrera urratsa emateko ekitaldia egin da, bere seme Jose Miguelek bultzatuta. Bertan izan dira Maddalen Iriarte eta Pello Urizar gure legebiltzarkideak eta Julen Mendoza Errenteriako alkatea.

Bere aita oroitzeko eta bakean eta elkarbizitzan aurrera urratsa emateko ekitaldia antolatzeko beharra sentitu zuen, duela hilabete batzuk, Jose Miguel Cedillok, polizia nazionalaren semeak. Julen Mendoza Errenteriako alkatearekin harremanetan jarri eta ekitaldiari forma ematen hasi zen.

Gaur egin den ekitaldian, hainbat ordezkari politikok parte hartu dute, EH Bildukoek ere bai. Elkarbizitza demokratikoa bultzatzea helburu duten eta etorkizunari begiratzen dioten biktimak oroitzeko ekitaldietan parte hartu ohi du EH Bilduk, eta Cedillo oroitzeko ekitaldian ere egon nahi izan du.