La Navalen akziodunen lehiaketa administratzaileak ontziolaren likidazioa abiatzeko prozesua abian jartzea eskatu izana oso albiste txarra dela uste du EH Bilduk. Ontziola desagertzea kolpe oso gogorra izango litzateke euskal ontziolen sektorearentzat eta Ezkerraldearentzat, eta albiste hori gauzatzea gero eta hurbilago dagoela ematen du.

La Navalen etorkizuna bermatzeko ekimen eraginkorra eta konpromisoduna abian jartzeko premia inoiz baino handiagoa da, eta instituzioak horren buruan jarri behar dira. Ontziola hori oso garrantzitsua da sektorearen etorkizunarentzat eta, esan bezala, Ezkerralde osoarentzat, are gehiago kontuan hartzen badugu eskualde horrek azken hamarkadetan pairatu duen desindustrializazio prozesu bortitzetik.

Beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak, Madrilgo Gobernuak eta langileek osatutako mahaia lehenbailehen lanean hastea. Langileek behin eta berriro egin dute eskaera hori, baina bi gobernuek ez dute aintzat hartu. Mahai horrek egin beharreko lanaren barruan egon behar da ontziola bizirik mantentzeko landu beharreko aukera guztiak aztertzea.

Atzerriko inbertsio egile baten aukera izan da, orain arte, Eusko Jaurlaritzak aztertu duen aukera bakarra. Aukera batr izan daiteke, baina ezin da bakarra izan. Badago beste aukera bat: ontziola publiko egitea edo, hobeto esanda, duela urte batzuk abiatu zen pribatizazio prozesua gelditzea. Aukera hori derrigorrean aintzat hartu behar da.