Erabakitzeko eskubidearen alde eta Kataluniak urriaren 1ean egin zuen galdeketa gogoratzeko hurrengo larunbatean, Gernikan, Gure Esku Dagok egingo duen ekitaldiarekin bat egiten du EH Bilduk. Era horretara, Maddalen Iriarte Legebiltzarreko bozeramailea bertan izango da.

Urriaren 1eko galdeketaren urteurrenaren bezperan Euskal Herritik Kataluniako herriari eta bereziko bere preso politikoei babesa adieraztea oso garrantzitsua dela uste du EH Bilduk, azken baten, oztopo guztiak gaindituta herri batek bere etorkizuna erabaki dezakeela erakutsi zuelako Kataluniako herriak. Demokraziaren eta askatasunaren defentsa eta aldarrikapenerako ekimen erraldoi eta praktikoa izan zen iazko urriaren 1ean kataluniarrek egindakoa.

Demokraziari eta askatasunari aldarria egiteko balioko du Gernikan larunbatean egingo den ekitaldiak; kataluniarrek botoa emateko tresnak ahalbidetu eta egun espetxeratuta dituzten Kataluniako preso politikoei babesa eta elkartasuna agertzeko ere bai. Iazko galdeketaren egunean botoa eman nahi zuten herritarren aurka Espainiako estatuak agertu zuen bortizkeria basatiarekin, munduaren aurrean agerian geratu zen bere izaera antidemokratiko eta autoritarioa.

Demokraziagatik, askatasunagatik, Kataluniako herriari eta bere preso politikoei babesa agertzeko, gure herriak ere bere etorkizun politiko eta soziala erabaki nahi dituela argi uzteko. Horregatik guztiagatik, hurrengo larunbatean Gernikan izango da EH Bildu.