“Enplegu eta familiaren kontziliazioari ezin zaio heldu ekuazioan eskola ordutegiak txertatu gabe, baina Jaurlaritza ez da urratsak ematen ari zentzu horretan; horren froga Familia Plana dugu: aipatu ere ez du egiten gai hori”. Nerea Kortajarenak lan eta eskola ordutegiak harmonizatu beharra azpimarratu du gaur Legebiltzarrean, familien beharrei egokitzeko, eta akordioa sustatu du gainera norabide horretan. EAJ eta PSEk abstentziora jo dute, baina Podemos eta PPk bat egin dute EH Bilduren proposamenarekin.

Hala, EH Bilduren ekimenari esker, Jaurlaritzak azterketa bat egin beharko du lan eta eskola ordutegiak harmonizatzeko behar den prozesua zehazteko. Lan horretan emakumeen eskubideen eta berdintasunaren aldeko eragileek eta eskola komunitateak parte hartu beharko dute, bai eta eragile sozioekonomikoek, aldundiek eta Eudelek ere. Halaber, esperientzia pilotu bat martxan jarri beharko du 2019-20120 ikasturtean lan eta eskola ordutegiak harmonizatzeko eta eskola saioak amaitutakoan eta oporraldietan aisialdi eta zaintza espazioak bermatzeko bitartekoak hobetu beharko ditu, adingabeen beharrizanak aintzat hartuta.

Kortajarenak gogora ekarri du zer nolako arazoak dituzten familiek euren ordutegiak antolatzeko seme-alaben oporraldietan eta, txikienen kasuan, iraileko egokitzapenak iraun bitartean. “Guraso askok oporrak hartu edo lanaldia murriztea eskatu behar dute beren seme-alaben eskolako lehen egunetan laguntzeko, aitona-amonen laguntza, amonena normalean ahaztu gabe: bostetik batek bost ordu ematen ditu egunero bilobak zaintzen, Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera. Familia askorentzat benetako buruhaustea bilakatzen da bere egunerokotasuna eta eskolak ezarritako ordutegiak jarraitzea”. Ohartarazi duenez, premiazkoa da arazo horri heltzea, “inoiz baino nabarmenagoa baita lan eta hezkuntza munduaren arteko haustura eta horrek familian eta bizitza pertsonalean sortzen dituen arazoak, bereziki emakumeengan eta bikote gazteengan”.