Bere egiturak eta barne funtzionamendua demokratizatzeko eta oinarriei zabaltzeko bere helburuan beste urrats bat emango du EH Bilduk. Gaurtik aurrera, udal eta foro hauteskundeetako eta Europako hauteskundeetako hautagaiak hautatzeko prozedura abiatu du EH Bilduk.

Hurrengo asteetan EH Bilduko oinarriek aukeratuko dituzte beren herrietako hautagaiak, foro hauteskundeetara aurkeztuko diren zerrendak, Nafarroako foro hauteskundeetarako zerrendak eta Europako hauteskundeetarako hautagaia.

Hautagai izateko aurkezteko zein hautagai izango direnak hautatzeko, beharrezkoa izango da EH Bilduren aplikazioan izena emanda egotea, hau da, elkarrekin.ehbildu.eus aplikazioan. Izen ematea modu telematikoan edo EH Bilduren egoitzetan egin ahal izango da. Hautagaiak bozkatzeko ere bi aukerak emango dira: telematikoa eta presentziala.

Komunitatea osatu nahi du EH Bilduk, bere etorkizuna bere oinarriekin batera eraiki nahi du, haiei hitza eta erabakia emanez. Bidea egiten ari da EH Bildu zentzu horretan, eta aurrera begira urratsak ematen jarraituko du, berea proiektu politiko partekatua dela ulertzen baitu.