Datorren urriaren 1ean, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunean, mobilizazioak izango dira pentsiodunen mugimenduak deituta, eta horiei babesa agertzen die EH Bilduk. Hala, mobilizazioetan parte hartuko dute Nerea Kortajarena eta Iker Casanova legebiltzarkideak eta Marian Beitialarrangoitia Madrilgo Kongresuko diputatuak.

Mobilizazioak abiatu zirenetik egin dugun bezala, pentsioak duintzeko eta etorkizunean blindatzeko euskal pentsiodunek egiten dituzten eskaera nagusiak gure egiten ditugu. Etorkizunean euskal pentsioak bermatzeko baldintzak sortzeko gaitasunean dago konponbidea; horretarako, baina, ekitatiboa, jasangarria eta bidezkoa eraiki beharra dago.

Euskal pentsioak nahikoak izateko bidean urratsak eman beharra dago; horretarako neurriak hartu behar dira eta, batez ere, hori bermatzeko politika publikoak egin behar dira. Hala, gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izateko bidean urratsak ematen hasi beharra dago, euskal pentsiodunen elkarteek azpimarratzen duten moduan. Milaka eta milaka euskal pentsiodun, batez ere emakumeak, pobrezia egoeran daude, eta horri berehalako irtenbidea eman behar zaio.

Horretarako, euskal pentsiodunen egindako presio eta mobilizazio gaitasuna aitortzeaz eta txalotzeaz gainera, ordezkari politikoen egitekoa izan behar da haien eskaerei bide instituzional eta legala ematea. Kalean eskatzen dutenari konponbideak emateko neurriak eztabaidatzea eta adostea izan behar da gure erantzukizuna, baina ez gara betetzen ari.

Egoerarik okerrenean dauden euskal pentsiodunen egoera arintzea helburu izango duten neurriak eta oinarriak adosteko deia egiten diegu EH Bildutik eragile politiko eta instituzionalei, haien ongizate ekonomiko eta soziala hobetuko duten politika publiko berriak indarrean jarrita.