Orain Presoak ekimenaren barruan Sare herritarrak larunbaterako, Donostian, deitu duen manifestazioarekin bat egiten du EH Bilduk, eta pertsona ororen giza eskubideen errespetuan sinesten duen herritar orori bertan parte hartzeko deia egiten dio. EH Bilduk ordezkaritza zabala izango du manifestazioan; besteak beste, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia eta Maddalen Iriarte eta Adolfo Araiz EAE eta Nafarroako parlamentuetako bozeramaileak bertan izango dira.

Zazpi urte joan dira Aieteko Nazioarteko Konferentzia egin eta etengabeko urratsak eman direnetik; sei hilabete joan dira ETA erakundearen desegitea gauzatu zenetik. Baina, oraindik ere, presoen eta iheslarien auzian urrats esanguratsurik eman gabe jarraitzen du batez ere Espainiako estatuak. Egun, 280 preso daude Espainiako eta Frantziako espetxeetan, gehien gehienak beren etxeetatik urrun, horrek senitartekoei eragiten dien zigorrarekin. Zigor bikoitza ezartzen zaie, oraindik ere, euskal presoei eta haien senitartekoei, giza eskubideen eta nazioarteko araudien aurkako eraso larria gauzatuz.

PSOEren gobernuak zailena egin zuen: espetxe politika aldatuko zuela iragarri zuen modu solemnean eta euskal presoak hurbilduko zituela esan zuen. Zoritxarrez, ez dira ari emandako hitza betetzen. Pedro Sanchezek egindako iragarpenak ez du ekintzarik ekarri ondoren, testuinguru soziala eta politikoak urrats hori ematera asko laguntzen duenean. EH Bilduk uste du jarrera hori eta jokatzeko modu hori onartezina dela, eta euskal gizartearen gehiengoak kalean eta instituzioetan behin eta berriro erakutsi duen borondatea errespetatzeko deia egiten dio Espainiako Gobernuari.

Zentzu horretan, EH Bilduk gogora ekarri nahi du indarrean dagoen legedia beteta, euskal presoen erdiak baino gehiagok kalean beharko zutela dagoeneko, zigorraren 3/4ak beteak dituztelako, adinagatik edota gaixotasun larriak dituztelako. Beren legea beteta, soilik hori eginda, aurrerapauso garrantzitsuak gertatuko ziren.

Larunbat arratsaldean Donostiako kaleak bakearen eta elkarbizitza demokratikoaren aldarri bihurtzeko deia egiten die EH Bilduk euskal herritarrei. Iraganeko zauriak irekita jarraitzen badute, pertsona ororen giza eskubideak errespetatu gabe, euskal presoak eta iheslariak izanda, ezin baita bakeren eta elkarbizitzaren eraikuntzan urratsik eman.

Bakean eta elkarbizitza demokratikoan oinarritutako Euskal Herria nahi duten herritarrek ezin dute hutsik egin larunbatean. Euskal gizarteak beste behin erakutsi behar dio munduari bakea erreala eta elkarbizitza demokratikoa nahi duela eta, horretarako, ezinbestekoa dela herritar guztien giza eskubideak errespetatzea, presoenak ere bai. Horregatik guztiagatik, larunbatean Donostiako kaleetan izango da EH Bildu, eta bertan egoteko deia egiten dio euskal herritar orori.