Urriaren 22tik 28ra Bilbon egingo den Emakumeen Mundu Martxako Nazioarteko Topaketan parte hartuko duten 42 herrialdetako 130 emakumeei ongi etorria ematen die EH Bilduk. “Batu Indarrak, Urrutira Goaz. Construyamos soberanía sobre nuestros cuerpos y territorios” izango da topaketaren leloa.

Bihar arratsaldean egingo den ekitaldi irekiaren abiatuko da Nazioarteko Topaketa. Astean zehar, Topaketekin batera, hainbat ekitaldi eta ekimen izango dira. Urriaren 27an Areatzako pasealekuan egingo den Feministon Herria izango da ekimen nagusia; Euskal Herriko feminista guztientzat topaleku izateko helburua dauka, gure herrian Emakumeen Mundu Martxako kide diren errealitate ezberdinak islatu nahi dira Feministon Herria ekimenaren bidez (lesbianak, migranteak, baserritarrak, aniztasun funtzionala duten gazteak…). Gosari feminista, emakumeen bazkaria, alternatiba feministen azoka, mahai-inguruak, hitzaldiak… Egitarau zabala izango du. Ekimen mugarria, baina, arratsaldeko 17:30ean Arriagatik abiatuko den manifestazioa izango da.

Euskal Herriko mugimendu feminista urte askoan erakusten ari da artikulatua dagoela, indartsua dela, mobilizatzeko gaitasun handia daukala eta beste mugimendu sozial batzuekin aliantzak osatzeko gai dela; gainera, agerian uzten ari da emakumeen bizitza hobetzeko eta jendarte justuagoa eta libreagoa lortzeko proposamenak egiten dituela. Horrenbestez, ez da harritzekoa topaketa hau hemen egitea.

EH Bilduk ezkerreko proiektua defendatzen du Euskal Herriarentzat, aurrerakoia, solidarioa, bidezkoa eta burujabea; eta horretan, feminismoak ardatzetako bat izan behar du. Gure proiektua herri feminista da, bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jartzen duena, eta ez merkatuak. Zaintzaren lana aitortzen duena, balorean jartzen duena eta modu bidezkoan partekatzen duena. Emakume orori lan duina bermatuko diena, indarkeria matxistarik gabeko bizitza eskainiko duena eta gorputzen zein bizitzaren gaineko erabakiak modu librean hartzeko aukera emango duena. Gazteei emanzipatzeko modua eskainiko diena eta nagusiei zahartzaro duina izateko aukera. Diskriminazio ororen aurka egingo duena, emakume arrazializatuen, migranteen, nekazal guneetakoen, aniztasun funtzionala dutenen, lesbianei, transen… errealitateei eta exijentziei erantzungo diena. Azken baten, emakume guztien eskubideak bermatuko dituena. Eta horretan guztian, mogimendu feministak aktore protagonistaren papera jokatu behar du.

Proposamen hori erabat uztargarria da Emakumeen Mundu Martxaren printzipioekin eta baloreekin, desberdintasun eta diskriminazio ororen aurka borrokatzen duelako, arreta berezia eskainiz indarkeria matxistaren adierazpen ezberdinei eta bizitzaren, gorputzen eta sexualitateen iraunkortasunari.

Emakumeen Mundu Martxarekin bat egiten dugu, eta gure ustez, beharrezkoa da aldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala; beharrezkoa da beste jendarte eredu bat eraikitzea, hau da, Euskal Herria feminista.

Horregatik guztiagatik, irekiak diren ekintza guztietan parte hartzeko deia egiten diegu emakumeei, batez ere bihar izango den inaugurazio ekitaldian eta Feministon Herrian. Eta herritar orori dei egiten diogu hilaren 27an egingo den manifestazioan parte hartzera.