EH Bilduko ordezkariak EAEko Lurraldea Antolatzeko Gidalerroei jarritako alegazioaz aritzeko bildu dira Jaurlaritzarekin.

EH Bilduko lurralde antolamenduko lantaldeko Unai Fernández de Betoño eta Roke Akizu Jaurlaritzako lurralde plangintzako arduradun politiko eta teknikoekin bi orduz bildu dira Lakuan, EAEko lurralde politika gidatuko duten Gidalerro berrien hasierako onarpen dokumentuari jarritako alegazioaz eztabaidatzeko. EH Bilduren aldarrikapen nagusiak hurrengoak izan dira:

  • Lurralde-eredu orokorraz: Jaurlaritzak ez du 1997ko Gidalerroen eraginaren diagnostikorik apenas egin. Eta egin duena, autokonplazentziazkoa da. Hiriburuei protagonismo osoa eman zaie, gainerako lurraldea ia ahaztuz. EH Bilduk uste du eskualdeen eskala egokiagoari garrantzia eman beharko litzaiokeela, herri ertain eta txikiak eta haien landa ingurunea ere balioan jarriz.
  • Etxebizitzez: Jaurlaritzak jarraitzen du EAEko udalerriek planifikatu dezaketen etxe-kopurua formula arbitrario eta eztabaidagarri baten bidez kalkulatzen. EH Bilduk aldarrikatzen du eskualde bakoitzerako proposamen neurtuak egin beharko liratekeela, bakoitzaren ezaugarri bereziak eta behar errealak kontuan hartuz.
  • Azpiegitura handiez: Gidalerro berriak “Euskal Hiria” deitutako eredu metropolizatzailearen aldekoak dira, inolako kritika izpirik gabe. AHTaren arazo ugariak azaleratzetik urrun, logistikaren aldeko apustu zalantzagarria egiten dute, lurzoru azalera handiak urbanizatzen eta kalitateko lanpostu gutxi eratzen duen lan sektorea bultzatuz. EH Bilduk uste du eredu burujabeago eta ekosozialagoa osatu beharko litzatekeela azpiegituren alorrean ere.
  • Nekazaritzaz: Gidalerroek aipatu ere egiten ez duten arren, tokiko eredu agroekologikoa irmoki sustatzea funtsezkoa da EH Bilduren aburuz, arrazionalagoa delako ikuspegi guztietatik: ekonomia, gizarte, ingurumen eta kultur ikuspegietatik.
  • Euskaraz: atzerakada nabarmena jazo da 2015eko oinarrizko dokumentutik hona, inolako justifikaziorik gabe. Kontseiluak eta UEMAk egindako aldarrikapenak kontuan hartu beharko lirateke, lurgune euskalduna babestu eta zabaltzeko Euskararen Lurralde Plan Sektoriala eginez, besteak beste.
  • Gomendio izaeraz: Gidalerroen diskurtso teorikoa interesgarria da hein batean, baina hura praktikan jartzeko asmo gutxi erakusten da gero, gehien-gehiena ez delako loteslea.

Azkenik, esatea Gidalerroetan lurralde eragin handia duten eta eduki lezaketen hainbat proiektu eta azpiegitura ez direla ezta aipatu ere egiten (Petronorren findegia, Zubietako errauskailua, Supersur autobidea, Abantoko parke teknologikoa, Barrongo urtegia, zibersegurtasun zentroen bikoizketa…), seguruena, diskurtso teoriko sofistikatuaren atzean benetan dagoena erakutsiko luketelako: hazkunde amaigabean oinarritutako lurralde politika.