Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 60 alkate inguru hautatzeko barne prozesua abiatu du EH Bilduk. Herri horietan jada irekita dago alkategai izan nahi duenak izena emateko prozesua. Edozein inskribatuk, baina horretarako, jakina, elkarrekin.ehbildu.eus aplikazioan izena emanda egon beharko da.

Hautagaiak hautatzeko bilkideek onartu zuten barne-araudiak agintzen duen moduan, behin proposatutako izenak onartuta, eta hautagai bat baino gehiago egonez gero, EH Bilduk barne hauteskunde prozesua abiatuko du. Izan ere, azken kongresuan erabakia hartu zuen indar subiranistak barne funtzionamendurako kode etikoa indarrean jartzea eta erabakiak modu partekatuan hartzeari garrantzia ematea. Elkarrekin lan eginda eta erabakiak hartuta bakarrik, modu kolektiboan arituta bakarrik, lortuko baitu bere sorrerako helburuak betetzea.

Horrenbestez, hautagai bat baino gehiago dagoen kasuetan, hautagaiek aukera berdintasunean eta baliabide berekin lehiatzeko baliabideak jarriko ditu eskura indar subiranistak, kanpaina irekia eta gardena izateko helburuarekin. Kanpaina amaitutakoak, herri horretako inskribatuek hauteskundeetan parte hartzeko aukera izango dute. Botoa modu telematikoan (elkarrekin.ehildu.eus aplikazioaren bidez) eta modu presentzialean eman ahal izango da.

Horrenbestez, hurrengo asteetan, abenduan zehar, jakingo da 60 udalerri horietako hautagaiak nortzuk izango diren.

EH Bilduk fase ezberdinetan egingo du bere alkategaien aukeraketa. Lehen fase honetan 60 udalerri inguru sartu dira, eta hurrengo hilabeteetan osatuko dira udalerri guztietako alkategaien aukeraketa. Eta modu berean, zerrenda osatzen duten kide guztien aukeraketa.

Prozesu bera erabiliko da Nafarroako lehen postuetako zerrendak aukeratzeko,Nafarroako presidentziarako hautagaia nor izango den hautatua baitute: Bakartxo Ruiz.

Halaber, Europako hauteskundeetarako zerrendaburua aukeratzeko prozesua irekita dago. Hautagai bat baino gehiago egongo balitz, barne hauteskunde prozesua irekiko litzateke, kanpaina lehia berdintasunean egin ahal izateko helburuarekin.