Euskaraldiarekin bat egiteko, talde argazkia egin eta agerraldia egin du EH Bilduk. Eraitz Saez de Egilaz gazte idazkariak irakurri du agiria:

EUSKARAZ GARA,
EUSKARALDIAN BAGABILTZA

Euskaltzale eta ekintzaile askoren ahaleginak ez dira alferrikakoak izan eta euskara orain dela 50 urte baino hobeto dago, askoz hobeto baina ez aski. Izan ere, euskara ez baita hizkuntza normalizatua izango gure lurralde guztietan hizkuntza ofiziala ez bada.
Ezin ukatu nolanahi ere, azken urteotan lortu dugula Euskal Herriko lurralde guztietan aurrera urrats esanguratsuak egitea. Egun, inoiz ez bezala euskaldunok berariazko erakundeak dauzkagula Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, alde batetik, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bestetik, eta Nafarroa Garaian, azkenik. Baina ez daukagu hizkuntza politika bateraturik, eta euskara ez dugu hizkuntza ofiziala Euskal Herriko lurralde guztietan.


Badakigu, nola ez, edozein hizkuntza gutxituren behineneko arazoa, transmisiotik harago, erabilera dela, hizkuntza biziberritzea berau erabiltzea dela, alegia. Baina euskararen erabilera, xedea bada ere, ez da areagotuko oinarrian ez badu hiztun-elkarte zabala, sendoa, trinkoa eta engaiatua.


Aurten, urte berezia da. Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak 100 urte bete dituzte eta 1968ko Arantzazuko Bileratik hona 50 urte igaro dira. Euskara Batuaren 50. urteurrena, alegia. Hezkuntzan eta unibertsitatean, literaturan eta, oro har, kulturan, hedabideetan eta gizarte zerbitzuetan lortu duguna ez zitekeen posible izan hizkuntza eredu estandarrik izan ez bagenu.


Batasuna. Hori da giltzarria: batasuna. Euskara Batua izan da, eta, euskaren normalizaziorako euskarri sendoenetakoa eta euskararen hiztun-elkartearen batasuna erabilera eraikitzeko orube egokiena. Sakondu eta zabaldu behar dugu batasun hori.
EUSKARALDIAK asmo honi erantzuten dio neurri batean, Euskaltzaleen Topaguneak abiatutako proposamenak, ehunka elkartek babestuak, eta milaka herritarrek bultzatuak, azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri osoan 11 egun euskaraz ekimena burutzeko.
Euskal Herria Bildutik bat egiten dugu ekimenarekin, aktore nagusiak herritarrak diren neurrian, eta elkarte zein erakundeen aldetik jasotzen ari den atxikimenduarekin bat eginez.


Euskal Herria Bilduko emakume eta gizonak, egunero eta urte osoan egiten dugun moduan, 11 egun horietan ere Aho bizi edo Belarri prest rolean jarduteko konpromisoa hartzen dugu.


Sinistuak gaude EUSKARALDIAK azken urteotako euskara biziberritzeko jarduna astintzeo lagungarri izango dela, unibertso euskaltzalea aktibatzeko, herri bezala dagokigun berariazko gure hizkuntza zabaltzen jarraitzeko, euskara ikasten, irakasten eta egunerokoan eraikitzen ari diren milaka emakume eta gizon horien lana nabarmentzeko, eta gaurkoan oraindik daukagun lan eskerga burutzeko indarrak eskuratzeko.


Baina bistan denez, hori guztia ez dugu lortuko EUSKARALDIAren bidez soilik.


Euskaraz oso-osoan bizitzea ahalbidetuko duten baldintza politikoak, juridikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak lortu behar baititugu: euskararen erabilera handitzeko, euskal hiztunon hizkuntza eskubideak bere osotasunean eta gure lurralde osoan bermatuak izateko, lan, aisialdi, kultura, ekonomia, politika eta edozien esparrutan ohiko hizkuntza bihurtzeko eta euskararen normalizazioa bideratzeko. Finean, euskara jakitea unibertsalizatzeko eta euskararen normalizazioan jauzi kualitatiboa emateko.


Horretarako, eta euskaradun herritar garen neurrian geure etorkizuna bermatze aldera, herri gisa dagozkigun estrategiak landu, adostu eta burutu behar ditugu. Egunerokoan eta esparru orotan. Konpromiso zehatzak burutuz modu pertsonal zein kolektiboan, euskara irabazpidean jartzeko.


Herritar burujabe izan nahi dugun neurrian, euskara burujabe izatea ezinbestekoa baitugu.


Horregatik, euskararen osasuna indartuko duen ekimen oro burutu eta bultzatzeko konpromiso irmoa dugun neurrian Euskal Herria Bildu osatzen dugun emakume eta gizonok, EUSKARALDIAn ere parte hartuko dugu, geure etxe, lantoki, elkarte, erakunde eta lagunartean.