EH Bilduren Mahai Politikoak asteleheneroko bilera egin du, gaur goizean, Donostian, eta besteak beste Eusko Jaurlaritzako aurrekontuen inguruan izaten ari diren elkarrizketez eta gobernuak joan den ostiralean egindako erantzunaz aritu da.

Joan den ostiralean izandako bileran Azpiazu sailburuak emandako erantzunak EH Bilduk mahai gainean jarritako proposamenaren sakoneko asmoei ez diola erantzuten uste du ezkerreko indar subiranistaren Mahai Politikoak. Jaurlaritzak mahai gainean jarritako diru-partidak inolaz ere ez dira nahikoak euskal pentsiodunek dituzten arazoak konpontzeko. Diru gehiago jarri behar du Jaurlaritzak pentsiodunen beharrei erantzuteko. Hori egin ezean, EH Bilduk ez die biderik emango 2019ko Jaurlaritzaren aurrekontuei.

EH Bilduk hasieratik esan bezala, Jaurlaritzak badu pentsioak osatzeko eskumena; eta ostiralean emandako erantzunarekin, gobernuak aitortu zuen egin daitekeela. Baina horretarako diru-partida nahikorik ez du bideratu bere eskaintzan. EH Bilduren proposamenean jasotzen da 350 milioi euro bideratu behar direla pentsio baxuenak osatzeko eta Jaurlaritzaren erantzuna ez da urrundik ere kopuru horietara iristen.

EAEko administrazioek aspaldiko diru-sarrera handienak izan dituztenean eta Jaurlaritzak inbertsioetarako iaz ez zituen 700 milioi euro dituenean, behar bereziak dituzten pertsonen pentsioak osatzeko diru-partida handiagoak izan beharko liratekeela uste du EH Bilduren Mahai Politikoak. Dirua badago, orain lehentasunak ezarri eta bertan inbertsioak egin beharra dago, aurrekontuak horretarako erabilita.

Horixe adieraziko dio EH Bilduren ordezkaritzak Azpiazu sailburuari, bihar egingo duten bileran: diru-partida handiagoak jarri behar ditu pentsioak osatzeko, bestela ez baitute aurrekonturik izango. Orain arte lehentasunezko bazkide izan duen PPk eta Elkarrekin-Podemosek bazter batera egitea erabaki ostean, gaur-gaurkoz EH Bildu da aurrekontuak aurrera ateratzeko Jaurlaritzak daukan aukera bakarra.

EH Bilduk erantzukizunez eta konpromiso osoz jarraituko du lanean, herritarren lehentasunezko beharrak eta arazoak konpontzen hasiko diren EAJ-PSEren Jaurlaritzaren aurrekontuei bi abstentzioren bitartez bidea eman ahal izateko. Bihar Azpiazu sailburuarekin egingo den bileran elkarrizketa emankorragoen abiapuntua izango denaren itxaropena dauka EH Bilduko Mahai Politikoak. Horretarako, beharrezkoa izango da pentsioen osagarrietarako diru-partida nahikoak izatea.

Dirua badago. Elkarrizketek emaitza ona emateko denbora badago. EH Bilduren aldetik borondate eta konpromiso politiko osoa badago. Herritarren lehentasunezko beharrei behar den bezala eta nahikoak diren diru-partidekin erantzuten hasteko daukagun abagunea baliatzeko deia egiten dio EH Bilduk Jaurlaritzari eta berau sustengatzen duten bi alderdi politikoei.