EH Bilduk ekimenak aurkeztu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batzar nagusietan, tratu txarrak daudenetan zaintza partekatua ukatzea ahalbidetuko duen lege aldaketa babestea eskatzeko. 2015eko Familia Harreman Legeak gurasoen banaketa kasuetarako neurriak zehazten ditu eta, besteak beste, bisita eta zaintza eskubideei dagozkienak. Lege horren aldaketa eskatu berri du Legebiltzarrean EH Bilduk, indarkeria matxistagatik auzipetuei zaintza partekaturako eskubidea ukatzeko, betiere epaileek hala erabakiz gero. Neurri hori Europako hainbat herritan aplikatzen da jada, Espainiako estatuan ez, ordea. Proposamena onartuz gero, estatuko lehenengoa izango litzateke EAE.

EH Bilduk azpimarratu nahi du Justizia Administrazioak duen genero ikuspegi gabeziak haurrei kalte larriak eragiten dizkiela. Azken hilabeteetan, ondorio oso mingarriak utzi dituzten emakume eta adin txikikoen aurkako bortxazko eraso larriak gertatu dira Euskal Herrian. Eraso hauek, gizarte kontzientzia areagotu egin dute eta egoera honetan oraindik ere garrantzitsuagoa da indarrean dagoen legediaren aldaketa.

Bestetik, EH Bilduk dio frogatua dagoela indarkeria matxistak eta honek bere baitan dituen kautelazko neurriak hartzerako garaian, epaileek ez dutela kontutan hartzen haurrengan eragin daitekeen kaltea bisita errejimena zehazterako garaian. Legeak hala aurreikusiagatik ere, indarkeria matxista kasuak ematen direnean epaileek ez dute bisitak bertan behera uzteko neurririk hartzen.

Horregatik guztiarengatik, eta haurren babesari lehentasun osoa emateko, tratu txarrak dauden kasuetan zaintza partekatua ukatzea ahalbidetuko duen lege aldaketa proposatzen du EH Bilduk eta, orain, lege aldaketa hori babestea eskatzen die hiru batzar nagusiei.