EH Bilduk aurkeztutako Lege Proposamenak akordio zabala lortu du. Rebeka Uberaren hitzetan, “helburua da euskara jakiteko herritar orok duen eskubidea egikaritzea; hizkuntzara sarbidea izateko dauden mugak eta oztopoak, zehazki, ekonomikoak, ezabatuz”

Euskara ikasteko doakotasuna bermatzeko Lege Proposamena tramitera onartu du gaur Legebiltzarrak, EH Bilduren ekimenez. Rebeka Ubera legebiltzarkideak azaldu duenez, “legea behar-beharrezkoa da. Egun, euskara ikasteko diru-laguntzak egon arren, eskasak dira eta guztiz ezberdinak herritar batzuentzat eta besteentzat, udalerrien arabera aldatzen direlako. Gainera, laguntza-sistemak ez du bermatzen euskaraz jakiteko eskubidea. Beraz, kontzeptu aldaketa bat proposatzen dugu, bestelako joko-zelai bat”.

Lege Proposamenak hamaika artikulu eta hiru xedapen ditu, eta horien bitartez, hainbat neurri arautzen dira. Adibidez, helduen kasuan, bi hizkuntza ofizialak ikastea doako izango da B2 maila lortu arte, Hizkuntza Eskola Ofizialetan edo euskaltegi publiko edo homologatuetan, azterketak gainditzea baldintza izan gabe. Bestetik, adingabeen kasuan, titulua jasotzeko, derrigorrezko irakaskuntza bukatutako ikasle guztiek B2 maila egiaztatu beharko dute. Eskubidea herritar guztiei irekia dago, eta laguntza bereziak planteatzen dira kanpotik iristen diren ikasleentzat.

Rebeka Ubera pozik agertu da “Euskaraldiaren atari den egun honetan, EH Bilduren egitasmoa aurrera atera delako gehiengo zabal baten babesarekin”. Bidea, baina, hasi besterik ez da egin. Hemendik aurrera, Legebiltzarrari dagokio testua tramitatzea eta legea indarrean jartzeko epeak zehaztea. EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu du jendartearen parte-hartzea ezinbestekoa izango dela Legea osatzeko: “Guztion artean, guztiona izango den lege on bat egitea dagokigu. Alegia, euskararen ekosistemaren zutabe bat eraikitzea dagokigu. Guztion artean, guztiontzat. Ez bakarrik Legebiltzarrean gauden taldeon artean, baita herritarrekin, euskalgintzako eragileekin eta hainbat adituekin ere”.