Osasun Sailak azterketa zorrotza aurkeztu beharko du Larrialdien egoerari buruz, bertako langileen iritzia kontuan hartuta, eta horren araberako neurriak hartu beharko ditu zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio gaur aho batez Emergentzietako zentro koordinatzaileak Bizkaian zentralizatzeko asmoa geldi dezala eta, beraz, ez ditzala Bizkaira eraman Araba eta Gipuzkoako zentroak. Eba Blancok sustatu duen akordioaren arabera, Osasun Sailak Larrialdien egoerari buruzko azterketa zorrotza egin beharko du bertan ari diren langileen iritziak kontuan hartuta eta azterketa horren emaitzen araberako neurriak hartu beharko ditu zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

EH Bilduko legebiltzarkideak gaurko erabakiaren garrantzia azpimarratu du, aferaren mamia delako, Emergentzietako langileen aldarrikapenetatik harago, “urgentziazko asistentziaren kalitatea nola bermatzen den 24 orduz urteko 365 egunetan, adibidez, Segurtasun Sailarekin batera integraturik lan egin behar den edota plataforma informatikoa partekatu behar den”. Horri jarraituz, Blanco “benetako integrazio baten alde” azaldu da, baina “horrek –erantsi du– ez du esan nahi integrazioak halabeharrez ekarri behar duela zentro koordinatzaileak leku zehatz batean bateratzea, Osakidetzak nahi bezala”.