Josu Juaristi izango da EH Bilduren zerrendaburua hurrengo Europako hauteskundeetan. Barne hauteskundeak egin ditu ezkerreko indar subiranistak bere hautagaia aukeratzeko, eta Juaristik eskuratu ditu inskribatuen boto gehien: 2.539 boto (%75,61). Lorena Lopez de Lacallek, barne-hauteskundeetara aurkeztutako beste hautagaiak 733 boto lortu ditu (%21,83). 86 boto zuri ere izan dira (%2,56).

Barne hauteskundeetan egon den giroa eta mugimenduaren barne-bizitzari egindako ekarpena nabarmendu nahi ditu EH Bilduk. Izan ere 3.358 pertsonek parte hartu dute barne hauteskundeetan, botorako eskubidea zuten -elkarrekin.ehbildu.eus aplikazioan inkribatutakoen- %44,63k. Inskribatutako pertsonek bi modu izan dituzte botoa emateko: telematikoa eta presentziala (ostiraletik igandera arteko epea izan dute inskribatutakoek boto eskubidea gauzatzeko). Boto presentziala bermatzeko, irekita izan dira hamarnaka bilgune, joan den larunbatean, Hego Euskal Herri osoan.

Nafarroako emaitzak


Nafarroako parlamenturako zerrendak osatzeko barne hauteskundeak ere egin dituzte asteburu honetan. Nafarroan inskribatutakoen %54k parte hartu dute hauteskundeetan, eta 749 boto izan dira. Bozketen ondoren, honako hauek osatuko dute Nafarroako zerrenda, Bakartxo Ruiz zerrendaburuarekin batera: Adolfo Araiz, Laura Aznal, Maiorga Ramirez, Patricia Perales, Miren Aranoa, Txomin Gonzalez, Arantza Izuriaga, Patxi Zamora, Miren Zabaleta, Joseba Gines, Esther Korres, Carlos Arellano, Dabid Anaut, Blanca Unzue eta Andres Etxenike.

EH Bilduren inguruan dauden pertsonekin batera EH Bildu eraikitzeko konpromisoa hartuta dauka ezkerreko indar subiranistak, eta Europako zerrendaburua aukeratzeko zein Nafarroako zerrenda osatzeko izan den barne prozesua lagungarria izan da bide horretan. Zentzu horretan, EH Bilduri dagozkion erabakietan oinarriek hitza eta erabakia izateko bidean sakontzen jarraitzeko asmoa dauka indar subiranistaren zuzendaritzak.