Koalizioak Legebiltzarrera eramango ditu 2019ko Aurrekontuen proiektuan barneratu nahi zituen proposamenak. Nerea Kortajarenak eta Iker Casanovak aurkeztu dituzte gaur lehenengo bi ekimenak

Espainiako Gobernuak iragarri berri du lanbide arteko gutxieneko soldata 900 euroraino igoko duela. EH Bilduren ustez, kopuru hori ez da nahikoa euskal herritarrentzat, EAEko per capita errenta eta bataz besteko soldata Estuarenen gainetik daudelako. Hori dela eta, Iker Casanova legebiltzarkideak Legez Besteko Proposamen bat aurkeztu du gaur Legebiltzarrean, Jaurlaritzari eskatuz 1.200 euroko gutxieneko soldata sustatzea Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako langileentzat. Horrekin batera, Nerea Kortajarena legebiltzarkideak beste ekimen bat erregistratu du, non Administrazio publikoari eskatzen zaio ez dezala diru-publikoz lagundu 1.200 euro baino gutxiagoko kontratuak.

EH Bilduk hainbat neurri sozial proposatu zizkion Jaurlaritzari 2019ko aurrekontuen negoziazioan, batik bat pentsiodunen bizi baldintzak eta enpleguaren kalitatea hobetzeko. Gobernuak hobekuntza horiei atea itxi zizkien arren, EH Bilduk ez du etsiko eta aurrekontuen proiektuan barneratu nahi zituen proposamen multzoa Legebiltzarrera eramango ditu banan-banan.

Lehenik eta behin, langileen prekarietateari aurre egiteko bi proposamen aurkeztu dituzte Iker Casanova eta Nerea Kortajarena legebiltzarkideek. Izan ere, inkestek argi erakusten dute lan baldintza kaxkarrek herritarren lehenengo kezka bilakatu direla, enpleguaren sorrera geldoa izateaz gain, kalitatea ere exkaxa baita. Hortaz, Urkulluren Gobernuak ezin du beste aldera begiratu gure herrian miseriazko kontratuak egiten ari direnean.

Lehenengo Legez Besteko Proposamenean, EH Bilduk Jaurlaritzari eskatu dio “konpromisoa har dezala eta aktiboki susta dezala eragile sozio-ekonomikoekin 1.200 euroko gutxieneko soldata indarrean sartzeko EAE mailako lanbide arteko akordioa”. Izan ere, ”ezinbestekoa da lanbide-arteko gutxieneko soldata lurralde bakoitzaren errealitatearekin, bizi mailarekin eta ekoizpen ereduarekin bereziki lotzea”.
Horrek suposatuko luke, de fakto, gutxieneko soldata EAEko errealitatera egokitzea, lan harremanetarako esparrua eraikitzeko eskuduntzak bereganatzen ditugun bitartean. Era berean, Administrazioek kopuru hori bermatu behar dute “bai sektore publiko osoan bai kontratazio publikoen bitartez sustatzen diren lanpostu guztietan”. Iker Casanovaren iritziz, “1.200 eurotik beherako soldata batek euskal langileak pobreziara zigortzen ditu”

Bigarrenik, Nerea Kortajarenarenak uste du “politika publikoak erreparatzen hasteko unea dela”. Hortaz, beste ekimen bat aurkeztu du Jaurlaritzari eskatzeko “gure errealitate sozio-ekonomikoarekin estuki lotuta dagoen 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzea politika publikoen bitartez enplegua sustatu eta bultzatzeko martxan jartzen diren programa, plan eta lan ildoetan eta, zehazki, programa horien baitan diruz laguntzen diren kontratazio guztietan”.