EH Bilduren ekimenez, Osasun Batzordeak lantalde bat sortu du giza baliabideetako eredua aztertzeko eta aldaketak proposatzeko. Rebeka Uberaren hitzetan, “lehen urratsa eman dugu Osakidetzako leihoak irekitzeko eta sistema garden bat eraikitzeko”.

Osakidetzako azken Lan Eskaintza Publikoan gertatutako irregulartasun larriak agertu zirenetik, EH Bilduk behin eta berriro azpimarratu du kontratazio eredua aldatzeko beharra. Horregatik, Osakidetzako pertsonal politika eta hautaketa prozesuak aztertzeko eta aldatzeko ponentzia bat bultzatu zuen ekainean. Gobernua sostengatzen zuten taldeek kontra agertu ziren arren, proposamenak aurrera egin zuen oposizioko talde guztien babesarekin. Otsailaren 1ean, EH Bilduk berriro eskatu behar izan zuen hartutako erabakiari bide ematea, eta gaur, azkenik, lantaldea eratu du Legebiltzarrak.

EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak azpimarratu duenez, “Lan Eskaintza Publikoan gertatutako irregulartasunen jatorria Giza Baliabideetako politika ereduan dago. Eredu opakua da, lagunkerian eta klientelismoan oinarritzen dena. Osakidetzako oposizioetan gizartea iruzur handi baten biktima izan da”.

Horregatik, EH Bilduko ordezkariaren iritziz, “arazoa estrukturala den heinean, sailburua aldatzearekin ez da nahikoa. Muinera joan behar dugu eta premiazkoa da pertsonal politikari buruzko eztabaidari heltzea. Gaur, lehen harria jarri dugu Osakidetzako leihoak irekitzeko eta beste eredu bat eraikitzeko. Osakidetzako elite batek urteetan erabili duen ‘modus operandi’-arekin bukatzeko ordua heldu da. Aukera berdintasunean eta gardentasunean oinarritutako pertsonal politika eta hautaketa prozesuak ziurtatu behar ditugu”.