Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak eta sindikatuek deitutako grebak eta mobilizazioak babesten ditugu eta osasun sistema publikoaren kalitatearekin arduratuta dagoen oro mobilizatzera deitzen dugu. EH Bilduk gainera bere prestutasun osoa azaltzen du beharrezkoa den esparru guztietan kalitatezko osasun sistema publiko eta euskaldun baten alde jardun eta epe ertain-luzera kalitatezko Lehen Arreta bat ziurtatuko duten adostasunetara iristeko.

EH Bildu kezka handiz ari da jarraitzen EAEn ematen ari den Lehen Arretaren (LA) gainbehera. Oso kezkagarriak dira gaixoengan eragin zuzena duten estrategia orokor baten falta, langile ebentualen baldintza onartezinak edo mediku faltari aurre egiteko plan errealik eza. Bitartean, osasun sailak lehen arretaren kalitatea okertzen ari dela adierazten duten zeinuak ukatzen ditu eta langileen proposamen eraikitzaileen aurrean entzungor mantentzen da.

Pozgarria da LAA bezalako mugimenduen agerpena. Beste behin argi gelditzen da osasun sistema publikoaren kalitatearekin larrituta dauden profesionalak ditugula eta honen alde lan egiteko prestutasun guztia dutela. Begi onez ikusten dugu langileek aktibatzeko eta gutxieneko eskakizun batzuk adosteko izan duten gaitasuna, ezberdintasunei aurre eginez elkarlana bultzatuz.

EH Bildun kalitatezko osasun sistema publiko eta euskaldun baten alde lan egiten dugun heinean, ezinbestekotzat ikusten dugu langileon ahalduntzea helburuak lortu ahal izateko. Guztion lanak eta borrokak baino ezin dezakeelako kalitatezko osasun sistema publikoa bermatu.