Asteburu honetan hamarnaka ekimen egongo dira herrietan, Bilboko mobilizaziora herritarrak deitzeko eta independentziaren aldarrikapena kalera ateratzeko

Euskal Herriko herri eta auzoetan hamarnaka ekimen antolatu dira asteburu honetarako eta hurrengo egunetarako, abenduaren 6an Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeko EH Bilduk deitutako manifestazioa girotzeko. Herritarrak Bilboko mobilizazioan parte hartzera deitzeaz gainera, herrietatik jarriko den autobus zerbitzuaren berri ere emango da.

Gaur goizean, Donostian, egindako agerraldian Nekane Perez EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, abenduaren 6an Bilbon egingo den manifestazioa eguneroko lanaren eta borroken ispilua izango da. “Gure herriak, euskal herritarren gehiengo zabal batek, herritarren eskubideen errespetuan eta bizitza kalitate duinetan oinarritutako etorkizuna amesten du. Etorkizun alaia, koloretsua, konprometitua... Eta horixe izango da, hain zuzen, Bilboko kaleetan irudikatuko duguna. Manifestazio alaia izango da, koloretsua... Euskal Herriaren eta herritarren etorkizunarekin konprometituta dauden milaka herritarrek egingo duten aldarrikapen jaia”.

Esan bezala, manifestazioa plaza eliptikotik abiatuko da, eguerdiko 12:00etan, eta Arriaga plazan amaitu. Eguneroko bere borroketako konpromisoak adierazteko aukera izango dute mobilizaziora batzen diren herritarrek, eta amaieran, guztiok batera herri honen amets nagusia irudikatuko duen mosaiko erraldoia eraikiko dugu. Mosaikoa egiteko, milaka zapata lokarri banatuko ditugu; mobilizazioaren amaieran, malla bat egongo da Arriaga plazan mosaikoa lokarrien bidez egiteko. Herritar bakoitzak bere lokarria lotu beharko du mallara eta, era horretara, guztion artean ‘Bildu independentziara’ dioen mosaikoa eratuko dugu. “Horrenbestez, milaka borrokak, konpromisok eta aldarrik bat egingo dute mosaiko berean. Herri honen etorkizunaren irudia guztion indarrak bilduta eraikiko dugu”, esan du Nekane Perezek.

 

 

“Guztion artean indarrak bilduta lortuko dugu Euskal Herriak askatasunerako bidaia egitea. Guztion indarrak bilduta lortuko dugu etorkizunari atea irekitzea. Guztion indarrak bilduta lortuko dugu Espainiako estatuaren inposizioa eta ukazioa gainditzea. Guztion indarrak bilduta lortuko dugu mundu zabalari erakustea bakean eta askatasunean bizi nahi duen herri oso bat dagoela erakustea”, esan du Nekane Perezek.

Hasier Arraizek, bere aldetik, Soraya Saenz de Santamariak atzo Arnaldo Otegiri buruz egindako adierazpenei erantzun die. “Espainiako estatuan ez dago kartzela nahikorik herri honen askatasunarekin konprometituta dauden milaka herritarrak sartzeko, ez dago lekurik Euskal Herrian barna dauden ehunka milaka Arnaldo Otegi-ak espetxeratzeko”. Era horretara, Arnaldo Otegiren egoerak Espainiako estatuaren izaera islatzen duela agertu du.

Zentzu horretan, Arraizek adierazi du euskal herritarrek hartutako erabakiak mehatxatzen dituztenei eta onartzen ez dituztenei erantzuteko aukera bikaina izango dela abenduaren 6an Bilbon egingo den manifestazioan eta abenduaren 20ko hauteskundeetan.