'Aukera berdintasuna' izenaren pean, EH Bilduk batu egin ditu eraldaketa soziala helburutzat hartuko duen edozein ekinbide politikotan zehar-lerro modura landu beharreko arloetako lau: gazteria, aniztasuna, parte-hartze herritarra eta emakume eta gizonen arteko harreman eredu berria.

Azken horri buruz, oinarri bezala hartzen ditugu urteetako borroka feministari esker lortutako eskubideak. Aldarrikapen feministei politika partzial eta desegituratuekin erantzun izan zaie instituzioetatik. Horren ordez, helburu baterantz aurrera egiteko proposamenak egitera gatoz: emakume eta gizonen arteko harreman eredu berri bat da helburua, baliabideen eta espazioen banaketa justu eta parekidean oinarritutako eredua; hala nola erabakien, zainketaren, ordaindutako lanaren banaketa justuan, hain zuzen. Azken finean, bizitzaren, eta pertsona guztion eskubide eta betebeharren banaketa justuan oinarrituko den eredua. Eredu horren eraikuntzan ezinbestekoa izango da emakumeen parte-hartzea.

Parte-hartzea aipatzen dugunean, gehiengo sozial zabalen kalitatezko parte-hartze aktiboan oinarritutako ekintza politikoaz ari gara. Soilik gehiengo sozial horiek gai badira beraien eredu eta lehentasunak zehazteko eta inplementatzeko, bai arlo politikoan, bai ekonomikoan, kulturalean eta sozialean, soilik orduan hitz egin ahal izango dugu jendarte demokratikoari buruz; herritarren burujabetzak gobernatutako jendarteaz. Horregatik, gure konpromisoa agertzen dugu herriaren gain eta herriaren kontrolpean egongo den eredu bat martxan jartzeko, gaur egun instituzioen eta herritarren artean dagoen harreman eredua eraldatzera joko duen eredu berria.

Zentzu horretan, Euskal Herria askotariko herria da. Bertan bizi garen eta bertan lan egiten dugun pertsona guztiok osotzen dugu gure herria, bakoitzaren jatorriari erreparatu gabe. Ondorioz, bertako jatorrizko kultur aberastasuna oinarritzat hartuta, konpromisoa hartzen dugu bertan bizi diren jatorri askotarikoen aberastasun kultural hori ere aintzat hartu eta barnebilduko duen jendarte ereduaren alde lan egiteko. Jendarte eredu berri bat, gazteriaren errealitatea eta premiak guztiz aintzat hartuko dituena, gazteria ez baita soilik etorkizuna, orainaldi bizi eta aktiboa baizik, arlo guztietan.